Herri txiki, Infernu Handi
22.00etan
Gipuzkoako Irura herrian, gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.H. | EITB
Oria ibaiaren ertzeko herri honetako biztanleak ezagutuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak.
Gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Irura herrira hurbilduko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Gipuzkoan, Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen ertzean dagoen udalerriko jendea eta parajeak ezagutuko dituzte bi aurkezleek.
Zuhaitz Gurrutxagak Irurako herrigunean geratzen diren azken hiru baserriak eta bertan bizi diren iruratarrak bisitatuko ditu. Izan ere, garai batean bizimodua baserritik ateratzen bazuten ere, gaur egun baserri bakar bateko familiak eusten dio bizimodu horri. Horrez gainera, herriko eliza ere bisitatuko du eta han San Pelaio santuaren istorioa gertu gertutik ezagutuko du.
Herriko gazte talde batekin topo egin, eta haiekin patinetean ibiltzera joango da, haiek egiten dituzten akrobaziak egiten saiatzeko asmoz.
Mikel Pagadik, aldiz, Irurako etxeetako beheko solairuek gordetzen dituzten sorpresak deskubrituko ditu. Behe-barruetako batean, gaztainak erretzeko danbolinak egiten dituen gizon bat eta haren emaztea ezagutuko ditu, baita gaztaina erre goxoak dastatuko ere. Handik metro gutxira, familian gozatzeko sagardotegi txiki bat jarri duen beste bikote bat ezagutuko du.
Mendi aldera joko du ondoren Pagadik, eta basoan, hurritz-adarrak mozten topatuko du gizon bat. Xareak egiteko mozten ditu adarrak: Iruran hain errotuta dagoen xare-jokorako xareak egiteko; etxean bertan egiten baititu baititu ondoren Irurako umeek trinketean jolasteko erabiltzen dituzten xareak. Memoria ariketa zailak egiten amaituko du eguna Irurako hainbat edadetu gazteren laguntzarekin.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emango da, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.