Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Amasa, gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EiTB

Amasa izango da Zuhaitzek eta Pagadik "Herri Txiki Infernu Handi" saioaren eskutik bisitatuko duten herria.

0:26
Zuhaitz Gurrutxaga Amasako bizilagun batekin

Amasan izango dira igande honetan Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.

Pagadik Hilario Galarragarekin hasiko du eguna. Amasar peto-petoa da Hilario, eta harro, beste inork baino hobeto azalduko dio Pagadi villabonatarrari azken horren herria existitu aurretik existitzen zela Amasa. Izan ere, Amasarrek San Martin jaien hasieran, goizeko seiretan Villabonan leherrarazten duten suziria ere botatzen dute.

Gero Joxe Mari Astiasaranekin egingo du topo Pagadik. Astiasaran ehiza zale amorratua da, eta urtero-urtero pasatzen du hilabete eta erdi Sorian, birigarroak ehizatzen. Egonaldia ez da nolanahikoa izaten; hau da, bost izarreko txabola dute, detailez josia, garaia iritsita trailer baten gainean Soria aldera eramaten dutena.

Amasa astoz bete duenik ere bada; Inaxio Mendizabal, Euskal Asto Arraza defendatzeko Elkarteko presidentea. Bere astoez harro dago Inaxio, baita bere biboteaz ere; horren erakusle, astoak eta bibotea, denak, ondo zaintzeko aholkuak emango dizkio Pagadiri. Herriko gazteak ere ezagutuko ditu aurkezleak.

Guztien artean bada bat, Kepa, koilarak jotzeko duen gaitasunagatik ezaguna dena. Dultzaina ere jotzen du, sonbreirua buruan jantzita; betiko kantak, baina baita punk-rock taldeen piezak ere. Lortuko al du Pagadik koilarak jotzea?

Zuhaitzek, aldiz, Iñaki Aiastuirekin gosaltzen ekingo dio egunari. Herriko organista eta ohitura zurruneko gizona da. Goizero-goizero jaikitzen da 5:00etan mendi-buelta egiteko. Gero, deskafeinatua eta bost gaileta Maria hartzen ditu. Mahaia ez zikintzeko, mantela jartzen du Iñakik, baina ez oihalezko mantel arrunta, baizik eta harategian erositakoak biltzeko erabiltzen den papera. Bitxikeriaz beteriko errutina bat deskubrituko du Zuhaitzek Iñakiren etxean.

Gainera, hamaiketakoa ere egingo du Uso-Toki elkartean. Bertan, Iñaki Etxezarreta 'Izarre'rekin elkartuko da, izan ere, berak pasatzen ditu ordu gehien Uso-Tokin. Honek, txorizo egosia eta mondejua emango dizkio dastatzeko.

Guzti hori erretzen laguntzeko, aldiz, Joxe Ramon Galarraga izango du bidelagun egokiena. "Amasako erbia" esaten zioten gaztetan, egunero-egunero lasterka joaten zelako Asteasura lanera, egunkaria Zizurkilen erosi ondoren.

Eta, azkenik, rallyetan eta lasterketetatik kanpo ere bikote diren bi gazte ezagutuko ditu Zuhaitzek: Devora Frutos eta Jokin Urkizu. Pilotu eta kopilotu rolak trukatzen dituzte tarteka. Entrenatzeko erabiltzen duten simulagailua erakutsiko diote Zuhaitzi eta baita lasterketak ospatzeko duten modu berezia ere.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan,  ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri txiki, infernu handi" saioan.