Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:15ean

Lekeitio, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB Media

Igande gauetara bueltan da Zuhaitz eta Pagadik aurkeztutako saioa.

0:35
Zuhaitz Gurrutxaga

Lekeitiora bisitan joango dira gaur gauean Pagadi eta Zuhaitz "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan. Pagadik Iñigito ezagutuko du. Ezaguna da Iñigito Lekeition bere izaeragatik. Pertsona batekin topo egin, eta kasurik egin gabe ezin du aurrera egin. Lagun batek "Lekeitio metroa" ere deitzen dio egiten dituen geldialdiengatik. Berandu iritsi nahi ez badu lekuren batera, jende asko ibiltzen den kaleak ekiditen ditu.

Gaizka topatuko du skate gainean surf taula balitz bezala patinatuz. Esnatu, eguraldia begiratu eta, zerua argitu baino lehen kalean egoten da. Pertsona oso aktiboa da. Hainbat kirol egiten ditu, eta herrian horregatik da ezaguna.

Julianek herriko hainbat konturen berri emango dio Pagadiri. Itsasoarekin lotzen dugu beti Lekeitio, baina garai batean mahasti ugari zegoen eta 940.000 litro txakolin egiten ziren. Debekatuta omen zegoen txakolin produkzio osoa agortu arte beste ezer edatea. Antzar egunaren jatorria ere azalduko dio.

Oihana Lekeitioko azken saregilea da. Hasieran orratza nondik nora eraman behar den jakitea zaila dela esango dio, baina azkenerako "sareak hitz egingo diola". Garai batean marinelak itsasora deitzeko nola egiten zuten ere azalduko dio.

Asier motozalea da, GG Team taldeko kidea. Moto klasikoekin ibiltzen da lasterketetan. Lasterketak bai, baina ondo pasatzera ere bai. Doazen lekura doazela, atentzio deitzen dute.

Zuhaitz, berriz Pilirekin egongo da. Urteak daramatza antxoa fabrikan lanean. Xerratze-maisua da, eta Zuhaitz jarriko du lanean. Playbacka da bere afizioa eta "Pimpinela" interpretatuko dute.

Josunek urteak eman ditu Parisen neskame. Hizkuntzarekin izandako hainbat anekdota kontatuko dizkio.

Baserri eta Txankarra txiki-txikitatik elkarrekin ibiltzen diren lagunak dira. Bata nora, bestea hara. Askotan telefonoz ere deitzen omen dio batak besteari zer jantzi behar duen jakiteko. Lekeition txikitoak eskatzeko duten modu berezia azalduko diote.

Kaian Bego topatuko du. Goizean goiz irteten da etxetik, oiloen modura, eta beti egiten du ibilbide bera. Tokirik onena omen da eta bertan dauden bitxikeria batzuk azalduko dizkio Zuhaitzi

Hori guztia gaur gauean, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.