Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Arantzazu Loidiren bertso-bidea ezagutuko dugu 'Hitzetik Hortzera'n

Apotzagako Elkartean Ainhoa Agirreazaldegirekin eta Jon Sarasuarekin egindako bertsoaldia erreskatatuko dute halaber, eta Arrasate, Ermua eta Iruñeko bertsoak entzuteko aukera izango da.

Arantzazu Loidi izango dute gonbidatua gaur 'Hitzetik Hortzera' saioan. Zentzu askotan bide-urratzailea izan zen Arantzazu Loidi aretxabaletarra. Almen Ikastolako bertso-eskolan hasi zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta bertso-eskolatik ateratako bertsolarien lehenengo belaunaldiko kidea izan zen. Eskolartekoetan sari ugari eskuratzeaz gain, plazarako saltoa eman zuten lehenengo emakume bertsolarietako bat izan zen, eta Bertsozale Elkartearen lehendabiziko urteetan ere lan handia egin zuen. Behin oholtza gaineko jardunetik urrundu ondoren ere gertutik jarraitu du bertsogintza, epaile lanetan aritu izan baita, Eskolarteko Txapelketetan bereziki. Gaur egun PRH formazioak eskaintzen egiten du lan, Nortasunaren eta Giza Harremanen gaineko formakuntza eskaintzen alegia.

Bertso-eskolan, Eskolartekoan eta plazan egindako bideaz ariko dira Loidirekin, eta bertso-eskolek haur eta gazteen nortasunaren garapenean eskain ditzaketen aukerez ere bai. Horrez gain, Ainhoa Agirreazaldegirekin elkartu eta emakume bertsolariek elkarrekin plazan egindako bideaz ariko dira biekin.

Historikoa Apotzagan

Eskoriatzako Apotzaga Auzoko Elkartean egingo diote elkarrizketa Arantzazu Loidiri. Esanahi bereziko lekua da hau, gaztetan bertan aritu baitzen bertso-eskolan, eta saio ugari egin baitzituen bertan. Tartean, 1992an egindako saio bateko bertsoaldi bat berreskuratuko dugu. Arantzazu Loidi kantuan entzuteko aukera izango dugu, Jon Sarasuarekin eta Ainhoa Agirreazaldegirekin batera.

Testurak Arrasaten

Gaur egungo plazako jardunak ere izango du bere lekua aste honetako programan. Urteak dira emakume bertsolariak elkartzen hasi eta ahalduntze bidean jarri zirenetik. Bide horren emaitza da Testurak izeneko ekimena, Emakume Etxeak lotzen ari den bertso-saio sorta. Arrasaten hilaren 11n egin zuten saioa. Maite Berriozabalek gidatuta aritu ziren bertsotan Ainhoa Agirreazaldegi, Nerea Elustondo, Maider Arregi eta Oihana Bartra.

Iruñea eta Ermuako bertsoak ere bai

Horrez gain, gaurkotasunari lotutako bertsoaldi gehiago izango dira aste honetako programan: Elizak errautsak zabaltzea debekatu duela eta gai horren inguruan entzungo ditugu Amets Arzallus eta Andoni Egaña Ermuan. AEBetako hauteskundeek ere izan dute bere isla plazan: Ermuan bertan Obamaren zortzi urteen errepasoa egin zuen Amets Arzallusek eta Iruñean Hillary Clintonen eta Donald Trumpen arteko telefono-elkarrizketa irudikatu zuten Beñat Gaztelumendik eta Unai Iturriagak. Bi bertsoaldi horiek ere sartuko dituzte 'Hitzetik Hortzera'n.

Hori dena, eta askoz gehiago, gaur izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta, jarraian, interneten ere aurkitu ahal izango da, EiTB Nahieran-en.