Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Luzia Goñi bertsolaria gertutik, gaur, "Hitzetik Hortzera"n

EiTB

Gainera, Andoaingo, Irungo, Legazpiko eta Pasaiako saioetako pasarte onenak eskainiko ditu saioak.

  • Eider Perez Luzia Goñirekin hizketan "Hitzetik Hortzera" saioan

    Eider Perez Luzia Goñirekin hizketan "Hitzetik Hortzera" saioan

Luzia Goñi bertsolari basaburuarra ezagutuko dugu gaur "Hitzetik Hortzera" saioan. 91 urte ditu, eta bere bertsoak eta bizi esperientziak kontatu ditu Tirapuko bere etxetik. Gainera, Andoaingo, Irungo, Legazpiko eta Pasaiako saioak eskainiko dituzte.

Tirapun bizi da Luzia Goñi bertsolaria. Basaburuko Aizarotz herrian sortu zen, duela 91 urte. Oso gaztetan hasi zen lanean, eta, berak esaten duen bezala, "hamalau ofizio eta hamabost miseri" pasatutakoa da. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna: hainbat bertso kantatu eta idatzi ditu, eta oraindik ere badu horretarako grinarik.

Aizarotzen sortu zen, baina bere jaioterria husten ikusi zuen artean umea zela, hiru aberatsek herriko lur guztiak erosi baitzituzten. Gai hori bertsotara eraman zuen Luziak, besteak beste, eta bere familiak eta herritarrek handik alde egin zuteneko une latza deskribatu zuen.

Leoni Etxebarren: Isildu ez zirenak

Irungo Landetxa auzoan egindako bertso bazkarira eta Legazpiko bertso afarira eramango gaitu "Hitzetik Hortzera"k; baita Andoainen Sahararen alde egindako bertso emanaldira eta Pasai Donibanen Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik izandako saiora.

Gainera, itzalean egondako emakume bertsolarien lanak ezagutzen jarraituko dute; Leoni Etxebarren, oraingoan. Senarra zuen Fernando Aire Xalbador Odolaren Mintzoa liburua amaitzeko zorian zela, argitalpenerako bertso batzuk jartzeko enkargua jaso zuen Leonik. Sorta eder-ederra egin zuen, Xalbadorren sorkuntza prozesua berak nola bizi izan zuen azalduz; ez ziren, ordea, liburuan sartu. 2016an liburua berrargitaratzearekin ekarri zituen Amets Arzallusek argitara, 40 urtez isilean egon eta gero. Oholtza eta ahotsa jarriko diete bertso horiei igandean.

15:00etan egongo da ikusgai "Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en; eta gerora, EiTB Nahieran atarian.