Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

21:00etan

'Kopla Barik' bertso zirkuituen inguruan arituko da gaur "Hitzetik Hortzera"

EITB MEDIA

Udazkenean Bizkaian antolatu ziren bertso saio berezietako batean izango da "Hitzetik Hortzera", Bizkaiko txapeldunen saioan.

  • Maddi Ibaibarriaga eta Eider Perez

    Maddi Ibaibarriaga eta Eider Perez. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bizkaiko txapelketarik egin ez den arren, bertsorik ez da falta izan Bizkaian udazkenean, 'Kopla Barik' bertso zirkuituari esker. Lau bertso saio berezi antolatu ziren, eta larunbatean eskainiko den saioa horietako baten ingurukoa izango da, Bizkaiko txapeldunen saioaren inguruan.

Antolatzaile eta bertsolariekin arituko dira solasean. Tartean, Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko antolatzaileetako batekin elkartuko da Eider. Azken saioaz gain, 'Kopla Barik' bertso zirkuituaren helburuez eta izan duen harreraz arituko dira, besteak beste. Bestalde, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita ere izango ditu solaskide Eiderrek; Bizkaiko bertsolari txapelketako azken bi txapeldunak, eta txapeldunen saioan ez ezik, beste saio banatan abestu dute zirkuitu honetan. Txapelketa bertan behera geratu den urte honetan, txapelketak eta Bizkaiko bertsogintzaren bilakaera izango dituzte hizketarako gai.

Musikatua, trama, sariketa... denetariko saioak

Hainbat bertsoaldi ere ekarriko ditu gogora programak. Bertso saio musikatua izan zen lehena, Mungian. Gero, bertso trama etorri zen; Igorreko saio hartan, bertsolari bakoitzari paper bat esleitu eta denboran bidaiatzea egokitu zitzaion, 2041eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera jauzi eginez. Sariketa izan zen hirugarrena, Durangoko Plateruenan; eta azken saioan, Bizkaiko 8 txapeldun elkartu ziren oholtza gainean, Getxon.

"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.