Hitzetik hortzera
15:00etan
2020 urteko bertso saioen bilduma, gaurko "Hitzetik Hortzera"n
EITB MEDIA
Ez da agian gogoratzeko moduko urtea izan, baina utzi du bertsoaldi gogoangarririk. Horiek gogoratuko ditu asteburu honetako saioak.
-
"Hitzetik Hortzera". Argazkia: Bertsozale Elkartea
Guztion gogoan iltzatuta geratuko da luzaroan 2020a. Kultur munduak eta bertsolaritzak ere ez dute berehala askatuko covid-19a uzten ari den korapiloa. Zerbait ona ere utzi behar zuen urte honek, eta bertsoaldi aipagarrienak ekarriko ditu gogora "Hitzetik Hortzera"k igandeko saioan.
Urteko lehen bi hilabeteetan saioak jendez lepo zeuden. Urteroko neguko otorduak antolatu ziren bertsoen bueltan, eta elkarrekin jateko, gertutik hitz egiteko eta mikrofonoak lasai partekatzeko aukera zegoen oraindik. Urte hasierako Oiartzungo, Lasarte-Oriako, Bilboko, Senpereko, Arrasateko, Legazpiko eta Irungo saioetara egingo du jauzi saioak.
Ondoren, konfinamendua iristearekin batera, kultur agendetako bertso saio guztiak bertan behera geratu ziren; eta bertsolaritza ere online formatura egokitu zen. Hasieran, Internet bidezko saioak antolatu zituzten hainbat eskola eta eragilek, eta, geroago, Bertsozale Elkarteak aurrez aurreko publikorik gabeko zenbait saio antolatu zituen, streaming bidez eskaini zirenak.
Ekainean amaitu zen itxialdia, eta plaza pixkanaka hasi zen berpizten. Geroztik, neurriak aldatzen joan dira, eta aretoetako tokiak mugatuta, distantzia zainduta eta musukoekin agurtuko du bertsolaritzak 2020a. Mungiako Kopla Barik zirkuituko azken saioa eta Bergaran urri amaieran eginikoa gogoratuko dituzte.
"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.