Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
Umeen neurrirako bertsoak, asteburu honetan, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Haurrentzako antzerkiak, umorea eta bertsoa izango dituzte hizpide, eta "Urpekakariak" proiektuaren berri emango digute.
-
Aissa Intxausti eta Eneko Arrate, "Urpekakariak" ikuskizunean. Argazkia: Bertsozale Elkartea.
Aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan, Aissa Intxausti eta Eneko Arrate bertsolari eta antzezleekin elkartuko dira. Umeentzako antzerkiak egiten dituzte han eta hemen, bertsoa, kantua eta bat-batekotasuna ezinbesteko oinarri dituztela. Orain "Urpekakariak" emanaldiarekin dabiltza herriz herri, eta Munitibarko ikuskizunaren aurretik jarri du beraiekin hitzordua Eider Perezek.
Bertsolaritzak mundu guztiarengana iristeko gaitasuna duela argi geratzen da Aissarekin eta Enekorekin. "Urpekakariak" emanaldian Galtzerdi eta Leopardo izeneko umeen paperean sartzen dira, igerilekuan dauden bi ume bihurrirenean. Umorea lehengai hartuta, hitzekin eta bertsoarekin gozatzera daramatzate etxeko txikienak ere.
"Urpekakariak" Lanku Kultur Zerbitzuen proiektua da, eta Ane Labakak eta Miren Amurizak eginiko gidoia du oinarrian. Modu umoretsuan, ikuslerik txikienak beren gorputzei begira jarri eta aniztasunaz, sexualitateaz edo genero rolez hausnar dezaten zirikatzea da emanaldi honen helburua.
Donostiako, Lezamako eta Markina-Xemeingo bertso saioak
Horrez gain, azaro amaieran Donostiako Lugaritzen izan zen bertso saioko ale onenak gogoratuko dituzte aste honetako programan; baita abenduan izan ziren Lezamako eta Markina-Xemeingo saioetako bertsoaldi batzuk ere.
Bertsoaldi Kuttunaren atalean, berriz, Naroa Olano Altzoko bertso-eskolako kideak 2018ko ekainera eramango gaitu. Altzoko talde feminista aurkeztu zenean antolatu zuten bertso afari feministako ofizio bat gogoratuko dute; kantuan, Eli Pagola eta Maider Arregi.
"Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan.