Itxi

Itxuroso

Itxura aldaketa

Ama izan berri den emakume bat protagonista gaurko 'Itxuroso'n

I.A.

Astebururako 'look' berria bilatuko diote beti trajez jantzita doan komertzial bati Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak. Gaur, 22:15ean, ETB1en.

Astero bezala, herritarrei itxura aldatuko die Euskal Telebistako "Itxuroso" saioak. Oraingoan, haurdunaldiak kilo pare bat utzi dion ama bat, astebururako casual itxuraren bila dabilen komertzial bat eta izaera eta estilo guztiz ezberdina duten bi neska gazte hartuko dituzte platoan. Guztiak "Itxuroso" saioko moda-adituen eskutan jarriko dira. Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea aurkezleek egingo dituzte arropa proposamenak azken joerei jarraituz.

Laura Montero bizkaitarrak 30 urte ditu eta orain dela lau hilabete ama izan da. Amatasuna aitzakiatzat hartuta, Laura ez da ia apaintzen azkenaldian. Bakeroak jantzi, ilea mototsean bildu eta makillatu gabe ateratzen da kalera. Gainera, haurdunaldiak kilo gutxi batzuk utzi dizkio, denak sabel inguruan. Ezkontza-egunetik ez da dotore jantzi, eta aspaldi ez da joan ile-apaindegira. Umeak ez dio ia denbora uzten bere itxuraz arduratzeko. Hori gutxi balitz bezala, bere senarrak "kolorebakar" deitzen dio beti kolore bakar batez janzten delako. Errutina hausteko eta bere itxurari etekina ateratzen ikasteko motibatuta eman du izena "Itxuroso" programan. Maitek eta Unaik lagunduta, inoiz ez bezala ikusiko du bere burua. Bere bizitzan ahaztuko ez duen esperientzia biziko du Laurak. Bere senarraren erreakzioa ere ikusi ahal izango da.

Karolina Garcia eta Abigail Campos gazteek 22 eta 25 urte dituzte, eta unibertsitatean ezagutu dute elkar. Ikasi, arropa erosi, bata bestearen etxean lo egin... dena elkarrekin egiten dute, eta "Itxuroso"ra ere batera joatea erabaki dute. Abigail Karolinak bultzatuta dator "Itxuroso"ra, eta itxuraldaketaren beldur da. Abigail lotsatia da, eta oso apal janzten da; bakeroak eta alkandorak dira gustukoen dituen jantziak. Karolina, berriz, oso berritsua eta irekia da, eta, arropari dagokionez, nahiago ditu txandala eta galtza lasaiak. Fisionomia ere erabat ezberdina dute bi gipuzkoarrek. Aurkezleek aholku ugari emango dizkiete. Bestalde, biek ilea luze-luze daramate eta mozteko garaian zalantzaz beteta daude. Mozten ausartuko al dira bi lagunak?

Aste honetako erronka Iñaki Kolomaren itxura aldatzea izango da. Iñakik 47 urte ditu eta sasoian dago. Kirola egiten du, eta oso gorputz polita du, baina ilea zuritzen hasi zaio eta itxura gaztea zein freskoa nahi du astebururako. Komertzial lanak egiten dituenez, trajez janzten da astelehenetik ostiralera. Estilo klasikoa baztertu eta zerbait modernoagoarekin ausartu nahi luke. Maitek eta Unaik oso proposamen ezberdina egingo diote. Zeinena aukeratuko?

Ez ezazu galdu "Itxuroso", gaur gaueko 22:15ean, ETB1en.