Itxuroso
Itxura aldaketa
'Itxuroso'k taldekide bati itxura aldatzeko erronka hartuko du gaur
A.H.
EITB
Horrez gain, beste hiru pertsonari look berria emango diete gaur gauean Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea aurkezleek, 22:15ean hasita.
Euskal Telebistako 'Itxuroso' saioak lantaldeko kide baten itxura aldatuko du goitik behera gaur gauean. Horrez gain, hiri-tribuekin maitemindu den gazte bat, ligatzeko look berria behar duen mutil bat, eta arropan zein ilean kolorea jartzera ausartzen ez den emakume baten kasuak ikusi ahal izango dira. Maite Eskarmendi kazetariak eta Unai Goikolea artistak lagunduta, look berria estreinatuko dute hirurek.
'Itxuroso' programako aurkezleek erronka handia izango dute atal berri honetan. Lantalde osoarentzat izango da balentria, taldekide baten itxura aldatu beharko baitute. Sekulako itxuraldaketa egingo diote Eskarmendik eta Goikoleak, 'Itxuroso'ko moda-adituen laguntzaz.
Bestalde, Ane Arregi urnietarra Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten ari da Bartzelonan, eta bertan ikusten dituen hiri-tribuak gustuko ditu: indieak, grungeak eta hipsterrak, gehienbat. Horrelako estilo baten bila doa 'Itxuroso' saiora. Anek ilea motza eta kizkur-kizkurra darama, bola baten moduan, eta betaurreko handiak erabiltzen ditu. Aldaketa handia egiteko prest dago Urnietakoa. Modelo lanetan ibiltzen den lagun batekin izango da programan. Betiko lagunak dira, eta oso kontuan du haren iritzia.
Adrian Intxausti bilbotarrak 27 urte ditu eta amarekin joaten da arropa erosketak egitera. Aitak ilea mozteko esaten dio behin eta berriro. Nahiz eta publizitate munduan murgildu, itxuraldaketa behar du, oso estilo basikoa baitu. Baina 'Itxuroso'n parte hartzera bultzatu duen zergatia hauxe da: ligatzeko look berria behar duela. Lotsatia da eta konfiantza behar du. Itxura berriak emango al dio?
Azkenik, Teresa Urkiolak, Donostian bizi den 54 urteko otxandiarrak, joerak jarraitzen ditu eta gustuko du itxura zaintzea, baina ez da koloreekin ausartzen. Ileak ere hamaika arazo ematen dizkio. Bi hilean behin joaten da ile-apaindegira ile urdinak tindatzera, beti bere kolore naturalez, kolore tindatuak ere gorroto baititu. Modernoago sentitzeko hiru proposamen egingo dizkiote Maitek eta Unaik.
'Itxuroso' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.