Itxi

Izarrak kalean

21:45ean

'Stars. Izarrak Kalean' saioko 2. edizioa ETB1era itzuliko da gaur

L.A | EITB.EUS

EITB

Alex Sarduik eta Maria Amolategik aurkeztuko duten saio honetako lehiakideek kalean kantari aritzeko duten trebezia erakutsi beharko dute.

'Stars. Izarrak Kalean' saioaren bigarren edizioa estreinatuko du Euskal Telebistak. Maria Amolategik, Sugan taldeko abeslariak, eta Alex Sarduik, Gatibuko abeslariak, aurkeztuko dute gaur, ekainak 28, ETB1en hasiko den lehiaketaren denboraldi berria.

Lehiakideak kalean kantari jarriko ditu talent show honek, eta abesten ongi dakiten lagunek euren gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte lehiaketa honetan. Zortzi saio eta finala eskainiko ditu 'Izarrak Kalean' saioak, eta bakarka edo bikoteka arituko dira lehiakideak. Atal bakoitzean, lau lehiakide edo lau lehiakide talde izango dira, eta irabazle bakarra. Kanporaketak binaka eginez neurtuko dituzte indarrak. Beraz, bi finalerdi egongo dira saio bakoitzean, eta finalerdi bakoitzeko irabazlea saio bakoitzeko finalean arituko da.

Duelu bakoitzean, kaleko jendeak erabakiko du irabazlea, txanponen bidez. Txanpon gehien biltzen dituen kantariak irabaziko du finalerdi bakoitza. Finalean gauza bera, txanpon gehien biltzen dituen kantari edo bikoteak irabaziko du saioa, eta irabazlea final handirako sailkatuko da.

Saio bakoitza hiri edo herri batean grabatuko da. Lehiakideek, abesteko trebetasunaz gain, bere ingurura bildu den publikoa erakartzeko trebezia erakutsi beharko du. Horretarako, abestu ondoren, ikusleak konbentzitzeko 30 segundo izango dituzte lehiakideek.

Pausokak ETBren laguntzarekin ekoitzitako saioa da 'Stars. Izarrak Kalean', eta igandeetan izango da ikusgai, 21:45etik aurrera, ETB1en.

Gaztearen sari berezia

eitb.eus webguneak, gainera, 'Stars. Izarrak Kalean' saioarekin erlazionatutako lehiaketa paraleloa egingo du. Horrela, astelehenetik ostegunera bitartean, aurreko igandean aritu diren lau lehiakideen artean gustukoen izan duenaren alde bozkatzeko aukera izango du publikoak. Era berean, ostiralero aste bakoitzean irabazle atera den abeslariaren izena iragarriko dugu. Prozedura berbera izango da saioak irauten duen zortzi asteetan, eta aste bakoitzeko zortzi irabazleekin final handia egingo da webgunean.

eitb.eus-eko erabiltzaileek aukeratzen duten irabazleak 1.000 euroko saria eskuratuko du, Gaztearen eskutik.

 

 

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista