Itxi

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

22:30ean

Masaje sentsualak, pole dance eta selfie pikanteak, gaur gauean, "Jateko Modukoa" saioan

EITB Media

Enara, Nerea eta Obrist Joseba gonbidatuaren bihotza konkistatzen saiatuko dira Klaudio Landak aurkeztutako saioan.

1:03
Joseba, masajea hartzen

Gaur gauean, ikusgai izango da "Jateko Modukoa" saioaren denboraldi berriko bigarren atala, Klaudio Landaren gidaritzapean. Enara donostiarra, Nerea irurarra eta Obrist beasaindarra Joseba gonbidatuaren bihotza konkistatzen saiatuko dira. Horretarako, sukaldari amantalak jantzi eta sukaldean arituko dira. Menu osoa dastatzeko aukera izango du azken horrek: lehen bi platerak, berak proposatutakoak, eta postrea, sukaldari bakoitzaren aukerakoa.

Modelo donostiarrak ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, Dubaira bidaiatuko du. Lanagatik bertara joan zenean probatutako plater bat prestatzeko eskatuko die. Bigarrenerako, berriz, errezeta xume baina mimo handiz egindakoa kozinatu beharko dute, bikote harremanak hala baloratzen baititu Josebak. Sukaldariek aurretik entzun ere egin gabeko platerari aurre egin beharko diote eta, ohi denez, errezetarik gabe.

Baina guztia ez denez sukalde kontua, sukaldariek Josebarekin bakarka izango dituzten hitzorduak baliatuko dituzte euren ligoteo estrategiak aurrera eramateko. Masaje sentsualak, pole dance, selfie pikanteak... "Jateko Modukoa" saioko tenperaturak nabarmen egingo du gora aste honetako atalean.

Postrea izango da hiru neskek Joseba liluratzeko izango duten azken aukera. Hala ere, Enara modeloak, Nerea erizainak eta Obrist ikasleak beste zailtasun bati egin beharko diote aurre, postreari gonbidatuak aukeratutako ezkutuko osagai bat gehitu beharko baitiote! Horrekin batera, azken esaldi batekin donostiarra seduzitzen saiatuko dira.

Plater guztien dastaketa itsu-itsuan izango da; bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du dena Josebak. Amaieran, jatekoa prestatu duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du afari batean. Bertan, biek jakingo dute ea Josebari gehien gustatu zaion sukaldaria izan den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona.

"Jateko Modukoa" ostegunetan izaten da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.