Memoria Eraikiz
22:30ean
'Bi gerraren testigantza'rekin itzuliko da "Memoria Eraikiz" gaur gauean
EITB Media
Lehen atalak, 'Bi gerraren testigantza / Testimonio de dos guerras', Ukrainako gerraren eta Euskadin bizitako Gerra Zibilaren arteko antzekotasun tragikoak aztertuko ditu, bi gatazketako errefuxiatuen testigantzetan oinarrituta.
EITBk "Memoria Eraikiz" ikus-entzunezko proiektuaren atal berriak estreinatuko ditu gaurtik aurrera. EITB eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren arteko aliantzaren baitan sortutako proiektu transmedia honek memoria eta giza eskubideen sustapena bultzatzen du.
"Memoria Eraikiz" egitasmoak askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzea eta sustatzea du helburu. ETB1en eta ETB2n ikusgai izango diren lau atalez osatutako dokumental sortarekin batera, EITBPodkast plataforman entzungai izango diren hiru podcast biltzen ditu egitasmoak.
Ikus-entzunezko proiektuan landuko diren gaiak honako hauek izango dira: Bi gerraren testigantza / Testimonio de dos guerras, Ukrainako gerraren eta 1936an Euskadin gertatutakoaren arteko antzekotasun tragikoen inguruko atala, bi gatazketako errefuxiatuen testigantzetan oinarrituta; Nik jakin nahi dut / Yo quiero saber, oraindik argitu gabe dauden ETAren atentatu gehienak 70, 80 eta 90ko hamarkadetan gertatu ziren eta garai hura ondo ezagutu zuten ETAren lau biktimen ahotsa bilduko duen atala; Gal 1983 / Gal, 1983, kazetarien kontakizunean, sumarioko argibideetan eta CESIDeko dokumentu desklasifikatuetan oinarrituz, GALen sorrera eta lehen urte horietan burutako ekintza eta atentatuak aztergai dituena; eta Ixiltasunetik askatasunera / Del silencio a la libertad, Francoren diktaduraren garaian, klandestinitatean sortu ziren euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduera eta ekintza kulturalak errepasatzen dituena.
New Media ekoiztetxeak sortutako proiektua da, eta astelehenero izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
Lehen atala, Bi gerraren testigantza
2022ko otsailaren 24ean hasi zen Ukrainako gerra. Ahalegin handirik egin gabe, laster topatzen ditugu antzekotasun tragikoak gaur gertatzen ari denaren eta duela 85 urte Euskadin gertatutakoaren artean: heriotza, hondamendia, legitimatutako gobernu demokratiko bat kentzeko gatazka, eta bereziki, milioika errefuxiatuen ihesa. Horien artean daude Halyna Klymenchenko eta Anna Reshetnik, gerra hasi orduko Ukrainatik Euskal Herrira heldu zirenak. Euren herrialdea uztera behartuta egon diren pertsona hauen sufrimenduaren aurrean, familia euskaldunek errefuxiatuei emandako harrera eta erakutsitako elkarkidetasunak ez dauka aurrekaririk.
1936 eta 1937 urteetan, 100.000 pertsonek Euskadi utzi zuten gerratik ihesi, horien artean, 30.000 ume. Cecili Mintegi, Kruzita Etxabe eta Victoria Ortega dira horietako hiru. Cecilik eta Kruzitak Frantziara ihes egin zuten, Gernikako bonbardaketatik bizirik aterata. Victoriak zazpi urterekin egin zuen Sobietar Batasunera bidaia.
Bost errefuxiatuen testigantzak bildu eta hausnarketarako parada hartuko du saioak. Zerbait ikasi al dugu? Erantzuna ez da oso itxaropentsua: gerrek jarraitzen dute eta zauri berriak irekitzen dira etengabe.
Protagonisten testigantzez gain, zenbait adituren ahotsa ere bilduko du dokumentalak: Xabier Irujo, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria; Josu Chueca, UPV/EHUko Historia Garaikideko irakaslea; Patxi Aguirre, Historia Garaikidean aditua; Mikel Reparaz, EITB Mediako albistegietako Nazioarteko burua, eta Alejandra Arrieta, errefuxiatuen harrera-familia bateko kidea.
Victoria Ortega eta Halyna Klymenchenko