Mihiluze
Agurra
Agur esango du 'Mihiluze'k zortzi denboraldiren ostean
'Biba Mihiluze' saio berezia eskainiko da asteazkenean.
Zortzi denboraldi eta 1.117 saio egin ostean, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten ETB1eko 'Mihiluze' programak agur esango dio bere ibilbideari festa handi batekin. 'Biba Mihiluze!' saio berezia gaur emango da, ohiko orduan, 22:00etan.
'Biba Mihiluze!' umorez, lehiaz eta dibertsioz beteriko saioa izango da. Bertan, Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez futbol-jokalariak, 'Goenkale'ko Maitena Salinas eta Miren Gaztañaga aktoreak, eta Abel Barriola pilotaria eta Inaxio Perurena harri-jasotzailea ikusiko ditugu parte hartzen.
'Mihiluze'ren azken programa honek urte hauetan guztietan programa jarraitu duten ikusleak ere omendu eta saritu nahi ditu, eta azken Zakua ikusleen artean banatuko da. Horretarako, 'Mihiluze'ko ikusleek eitb.com-en saioaren webgunean sartu behar dute eta hiru famatu-bikote horietatik finalera nor iritsiko den asmatu. Asmatzen dutenen artean zozkatuko da Zakua. Irabazlearen izena eitb.com-en iragarriko da 'Biba Mihiluze!' saioaren ostean.
Hori dela eta, gonbidatu famatu hauek erantzukizun handia izango dute, eta finalera iristen eta ahalik eta erantzun gehien asmatzen saiatu beharko dute, beraien alde botoa eman duten 'Mihiluze'ko ikusleen arteko batentzat lortu beharko baitute azken Zakua.
Ez dira, ordea, hauek izango 'Biba Mihiluze!' bisitatuko duten gonbidatu bakarrak. 'Mihiluze'ko historia luzean bidelagun izan dituzten beste hiru lagun ere ikusiko ditugu. Aitziber Garmendia, Asier Hormaza eta Sara Cozar aktoreak. Beraiek lagunduko diete hiru bikote ezagunei 'Mihiluze'ko Ginkana dibertigarria egiten. Une dibertigarriak ez dira faltako!
Gainera, zortzi denboraldi eta 1.117 saioetako une hunkigarri, dibertigarri eta berezienak gogoratuko dira, 'Mihiluze' nola egiten den ikusiko da, bere historiaren errepasoa egingo da. Alaitasuna eta emozioa bor-bor izango dituen saioa izango da 'Biba Mihiluze!'; luzaroan ahantziko ez den saioa.
2006ko otsailaren 2an ikusi genuen lehen aldiz pantailan 'Mihiluze', ordu eta erdiko formatuan. Orduan lehiakideek hirunaka jokatzen zuten, eta hainbat proba eta tartez osatzen zen programa. Zortzi denboraldi egin ditu ordutik. Euskal Herri osoko lehiakideak pasa dira bertatik urte hauetan guztietan: 2.400 lagunetik gora.
Eguneroko saioak helduekin egin izan badira ere, saio bereziak burutu izan dira haurrekin, gaztetxoekin eta baita famatuekin ere.
Urte hauetan une garrantzitsuak ere bizi izan ditu Orio ekoiztetxeak eginiko lehiaketa honek. Besteak beste, Argia saria lortu zuen 2008. urtean, edota 2011. urtean, 17. Korrikaren mezua idatzi zuten 'Mihiluze'ko aurkezleek eta azken kilometroan lekukoa eramateko ohorea izan zuten. 2009an 'Mihiluze'ri buruzko Udako Ikastaro berezia eskaini zuten Miramar Jauregian, saio berezi batekin amaituz.
'Mihiluze'k, gainera, ETBko mugak gainditu ditu. Kataluniako TV3n 'Bocamoll' izeneko hango bertsioak arrakasta handia lortu du lau denboralditan. 'Mihiluze'k hiru mahai-jolas eta PC joko bat ere argitaratu ditu, jokoak web-ean jartzeaz gain. Bestalde, asko dira ikastetxeetan, euskararen egun edo asteetan eta herriko festetan antolatu izan diren 'Mihiluze' bereziak.