Mihiluze
Biba Mihiluze
Oñatiko Agurtzane Igartuak eraman du 'Mihiluze'ko azken zakua
A.A:
Erredakzioa
'Biba Mihiluze' saio berezian Abel Barriolak eta Inaxio Perurenak bildutako 2.900 euroko zakua 'Mihiluze'ren webgunearen bidez zozkatu da, finalera zein bikote iritsi zen asmatu dutenen artean.
-
Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano
Oñatiko Agurtzane Igartua Irazustabarrena izan da 'Mihiluze' saioko azken zakuaren garailea. Abel Barriolak eta Inaxio Perurenak 2.900 euroko zakua pilatu zuten 'Biba Mihiluze' azken saio berezian. Eta webguneko erabiltzaileen artean zozketa eginda, Oñatiko Agurtzaneri egokitu zaio.
Saioko azken zakua etxeko norbaiti oparitzea erabaki zuen 'Mihiluze' saioak. Eta horretarako lehiaketa antolatu zuen webgunean. Azken saio berezian parte hartuko zuten bikoteen artean finalera nor iritsiko zen asmatzea zen lehiaketaren funtsa. Asmatzaileen artean zozketa egin eta hark eraman du 2.900 euroko azken zaku hori.
'Goenkale'ko Maitena Salinas eta Miren Gaztañaga, Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez eta Leitzako Abel Barriola eta Inaxio Perurena izan dira lehian aritu diren hiru bikoteak. Webguneko erabiltzaileek Maitenaren eta Mirenen alde egin dute gehien bat: 413 boto eman dizkiete neskei. Abel eta Inaxio finalera iritsiko zela uste zutenek 312 boto eman dituzte webgunean. Eta azkenik, Asierren eta Iñigoren alde 192 boto eman dituzte.
Azkenean, Leitzako kirolariak izan dira finalera iritsi direnak. Sara Cozar aktorearen laguntzarekin bikain ibili ziren Ginkanan eta baita irudiaren bila Kikeren txikitako argazkiei begira ere. Azkeneko Zer da Zer proban denak asmatu ostean, 2.900 euroko zakua eskuratu zuten Oñatiko Agurtzane Igartuarentzat.