Piztu Telebista
Docu-show-a
"Piztu Telebista" saioa, igandero ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
ETBko saio berria astero, Euskal Herriko zortzi familia ezberdinen etxeetara sartuko da eta telebista nola ikusten duten erakutsiko du. Familia giroan eta gazteekin gozatzeko moduko entretenimenduzko docu-show berritzaile eta ausarta da, "Googlebox" nazioarteko saio arrakastatsuan oinarritutakoa.
-
"Piztu Telebistan" parte hartuko duten protagonista batzuk. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Nola ikusten dute telebista Euskal Herriko familiek? Galdera horri erantzungo dion entretenimenduzko docu-showa estreinatu du Euskal Telebistak: "Piztu Telebista", familia giroan eta gazteekin gozatzeko moduko programa berritzaile eta ausarta. "Gogglebox" nazioarteko saio arrakastatsuan oinarrituta dago, Euskal Herriko egungo gizarte eta errealitatera ekarrita, eta euskaraz sortua.
Astero, Euskal Herriko zortzi familiatako egongeletan sartuko da programa, eta telebista nola ikusten duten erakutsiko du. Bakoitzari saio berdinak emango zaizkio ikustera, eta bakoitzak programa horien aurrean esaten dituenak jasoko dituzte: komentarioak, erreakzioak, eztabaidak... Albiste, erreportaje, lehiaketa, dokumental, kirol saio, telesail, reality edo telebista magazinak jarriko dizkiete, denei eduki bera saio bakoitzean. Beraz, Euskal Herriko familia ezberdinek telebista ikusteko zein ohitura dituzten agerian utziko du programak, eta familia arteko harremanak nolakoak diren ere erakutsiko du, atalez atal pertsona horiek hurbilago ezagutzeko aukera emango baitigu. Egongelan gertatzen den guztia modu espontaneoan jasoko da, freskotasunez eta naturaltasunez; izan ere, kamara bat bakarrik izango dute han, eta grabaketan gertatzen den hori ikusiko da programan, tonu umoretsuan.
Euskal Herriko familien eta euskal gizartearen aniztasuna jasoko da programan, familia eredu ezberdinak ikusiko baititugu pantailan. Hala, gure gizarte anitzaren ispilu izateko asmoarekin jaio da programa.
Erresuma Batuko Channel 4 katean 2013az geroztik emititzen da "Googlebox" eta mundu osoko telebista askotan egin dira horren moldaketak. Orain, gurera ere iritsi da formatu berritzaile hau, euskaraz. Igandero, 21:15ean izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.
Zortzi familia eta bikote protagonistak
Mutrikun hiru emakume saltsera ezagutuko ditugu: Felitxu, Mari Jose eta Irune. Azken biak ama-alabak dira eta Felitxurekin batera herriko berritsuen taldea osatzen dute. Beti dute zerbait esateko eta beraien burua positibo eta leial bezala deskribatzen dute. Hirukote honen xelebrekeriek askoren bihotzak irabaziko dituzte seguru.
Oiartzunen Kris eta Luis Mari Zabala bizi dira. Bikiak dira eta musika oso gustuko dute. Krisek Errenteriako Musika Eskolan irakasten du eta Luis Mari, aldiz, kamioilaria da. Krisi misterioa eta paranormalak diren programak gustatzen zaizkio eta Luis Marik, aldiz, kirola nahiago du. Gauetan etxean elkartzen dira bi neba-arrebak, eta ederki pasatzen dute telebista komentatzen.
Donostian, Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro topatuko ditugu. Aspaldiko bi lagun hauek, Albizturtarrak jaiotzez, kirola eta bizitza lasaia dute gustuko. Zaletasunei dagokienez, jendea zirikatzen ederki pasatzen dute. Telebista ikusterakoan, umorez komentatzen dute azaldutakoa.
Eneko eta Danel bikote gaztea, aldiz, Iruñean dugu. Enekok drag-a gustoko du eta horrela dabilenean, Albina izenarekin aurkezten du bere burua. Danelek aldiz, sare sozialetan dihardu aktualitateko edukiak umore eta sarkasmo handiz komentatzen arrakasta handiarekin. Bikote honen mihiak ez du inor salbu utziko!
Zarautzen Ameztoitarrak bizi dira. Hiru belaunaldik eta bost kidek osatzen dute familia hau: Pako eta Pili aitona-amona alaiak, Igor, gastronomia maite duen aita lasaia, eta Peru eta Eñaut, unibertsitatean ikasten diharduten semeak. Familia honen bitartez belaunaldi ezberdinen arteko komentario eta bromak ikusiko ditugu eta aitaren zirikarekin eta aitonaren komentario umoretsuekin erraz egingo dugu barre.
Hammadek, Iramek eta Fariak Yousaf-tarren familia osatzen dute. Jaiotzez Pakistanekok dira, baina badira urteak Oñatin bizi direla. Hala ere, Bergaran igarotzen dute denbora gehien. Bertan lagun baten etxean telebista ikusten egon ohi dira, hain zuzen. Familia honek atzerriko kulturen ikuspuntu freskoa ekarriko du gure artera.
Halaber, Mikel Inuntziaga eta Unai Hernanez lagun bilbotarrak ditugu. Bikote honi musika, festa eta kultura gustatzen zaio. Haien esanetan, umore "gazia" dute atsegin eta emozio indartsuak begiko dituzte. Denetik kontsumitzen dutela aitortzen dute: telezaborretik, dokumentaletaraino. Ziur gara bai Mikelek eta bai Unaik beraien gatz puntu partikularra gehituko diotela ikusitako guztiari.
Azkenik, Aramaioko hiru gazte ikasle ezagutuko ditugu: Asier, Jokin eta Zuhaitz. Hirukote euskaldun hau kirolzale amorratua da eta "El Conquistador del fin del Mundo" bezalako lehiaketak gustuko dituzte. Xabier Euzkitzeren eta Vin Dieselen jarraitzaileak dira eta, musikari dagokionez, The Clayton rock talde aramaioarra atsegin dutela aitortu dute. Argi dago kuadrilla honek akzioa gustuko duela eta telebistan ikusten duten guztia benetan biziko duela!