sautrela
15:00etan
Rafael Chirbes idazlea protagonista, aste honetako 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Idazleak bere azkeneko nobela En la Oriila aurkeztuko du.
Rafael Chirbes (Tabernes de Valldigna, 1949) literatura espainiarreko egungo autore handienetakoa da dudarik gabe eta aste honetako 'Sautrela' saioa idazleari eskainia izango da. Azkeneko nobelekin, gainera, Europa mailan ere sona nabarmena jaso du kritikari eta literatur zaleengan. Alemanian, esaterako, aski autore estimatua da Chirbes.
Elkarrizketaren atalean, autore valentziarra izango dute bere hondar nobela aurkezten: En la orilla. Olba-ko zingiran eta haren inguruetan lekututako nobela, krisi ekonomikoak utzitako paisaia eta pertsonaia suntsituak aurkezten ditu gupidagabeki. Estilo bizi eta indartsuz idatzia, urteko Espainiako nobela aipagarrienetakoa izateko traza du.
Erreportajea ere Chirbesi buruzkoa izango da. Valentziarraren ibilbide orokorra aletuko dugu: bere hastapenak zein azken urteetako goraldia. Horrez gain, nobelez aparte Chirbesek eginiko beste zenbait lan eta testu ere aipatuko dira. Zertan datza Chirbesen kalitate literarioa? Nolakoa izan da haren garapena? Ze liburu dira mugarri bere obra oparoan? Horixe erantzuten ahaleginduko dira Jon Benito idazlea eta Mikel Iturria kultur programatzailea eta Chirbesen adiskidea.
Beñat Sarasolak liburu berezi bat ekarriko du bere atalerako. Antton Luku-ren Botoiletan ipuin liburua. 1998an argitaratu zuen Maiatz argitaletxeak eta geografia oso berezi bat azaleratzen duen liburua izan zen. Oso ezaguna ez izanagatik, literatur zaleen artean aski liburu estimatua da eta haren inguruan mintzatuko da, bada, Sarasola.
'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.