sautrela
Gaur
Zientzia fikziozko literaturari buruzko erreportajea, 'Sautrela'n
A.E.
EiTB
Xabier Olarra itzultzaile eta editorea elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak. "Sautrela", gaur, 15:00ean, ETB1en.
Zientzia fikziozko literaturari buruz jardungo dira 'Sautrela' saioan, aste honetan. Bigarren mailan kokatua izan den literatura mota izan da usu; B saileko literaturatzat jo izan dena. Hau da, denbora pasarako literatura moduan, entretenimendu hutserako irakurgai. Haatik, hori horrela al da benetan? Horrela da beti? Zientzia fikziozko literaturaren ezaugarrien inguruan ariko dira erreportajean. Saiatuko dira azaltzen zerk egiten duen obra bat zientzia fikziozko, ze motako eboluzioa izan duen generoak bere hastapenetatik, eta zeintzuk liratekeen generoaren gailurrak edo idazle eta obra nagusiak. Horrekin batera, euskal literaturan zientzia fikzioak ze emaitza izan duen ahaleginduko gara aletzen. Hots, noiz hasi zen zientzia fikzioa lantzen eta ordutik hona ze garapen izan duen.
Elkarrizketaren atalean, Xabier Olarra izango dute. Itzultzaile eta editore gisa da ezaguna batez ere gurean, eta berriki Dabilen Elea saria jaso duela profitatuz, bere ibilbide luzeari buruzkoak ezagutuko dituzte. Obra ugari itzulitakoa da Olarra, genero beltzeko maisuetatik hasita (Dashiell Hammett, James M. Cain eta abar), Raymond Queneau-ren Estilo ariketak liburu berezi bezain gogoangarriraino. Bere azken lan itzulia ere ez da nolanahikoa izan, Ian McEwan-en Hoben ordaina nobela arrakastatsua ekarri baitu euskarara. Editore moduan aparteko lana egindakoa da orobat Igela argitaletxean. Horien guztien inguruan arituko dira, bada, Olarrarekin: itzulpenaren eta argitaratze lanen gazi-gozoez, literaturaren plazeraz, eta beste.
Beñat Sarasolak liburu berezi bat ekarriko du. Goi literaturako baino herri literaturakoa den Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua berreskuratu eta hari buruz mintzatuko da. Auspoa sailean argitaratu zen liburu hori 1963an eta Antonio Zabala eta Mikela Elizegiren artean idatzi zuten, azken honek bere aita bertsolariari buruz gogoratzen zituenak oinarri. Hala, XIX. mende amaierako Asteasu eta inguruetara bidaia dute liburua.
Hori guztia izango da, beraz, larunbatean 15:00etatik aurrera; betiko moduan, 'Sautrela' bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.