Itxi

sautrela

15:00etan

Kartzela izango dute hizpide gaur 'Sautrela' saioan

A.E.

EiTB

Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburua aurkeztuko du.

Zoritxarrez, gure historiaren zati handi samarra hartzen du kartzelak. Hainbat belaunalditako kidek ezagutu izan dituzte espetxearen heze-ilunak. Ondorioz, logikoa denez, literaturan ere presentzia izan du kartzelak, hala gai modura nola idazleak giltzapean idatzi izan duelako. Aste honetako 'Sautrela' saioaren ardatza, bada, kartzela izango da.

Josu Martinez zinemagile eta idazle bilbotarra izango dute ETB1eko literatur saioan, argitaratu berri duen liburuari buruz mintzatzeko. Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izena du eta hamar erreportajek osatzen dute, kartzeletatik kanpora egindako hamar ihesaldiri buruzkoak. Tene Mujika beka irabazi zuen liburua idazteko, eta halaxe osatu ditu kronika horiek, batzuk aski ezagunak (Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandiaren Martutenekoa, Segoviako ihesa), baina beste zenbait, ziur aski, herritar gehienentzat ezezagunak. Denetarik daude: kartzela kanpotik barrura sartu eta espetxeratuak atera dituztenak, anaiarekin vis a vis batean trukatuz gauzatutakoa, espetxe barruan bertan ihes egindakoak... Istorio harrigarriak, nagusiki ihesaldietako partaideekin eginiko elkarrizketa bidez ezagutuko dituenak irakurleak.

Horrekin lotuta, gure iraganeko erreportajeetatik kartzelako literaturari buruzkoa berreskuratuko dugu. Kartzelan idatzi izan zuen Mikel Ibarguren preso ohi eta idazleak esanikoaz gain, Mikel Soto editorearen eta Jokin Urain idazle presoaren laguntzaile izan zen Jose Luis Otamendiren iritzia jakingo dugu. Nolakoak dira idazteko baldintzak kartzelan? Zer historia dute espetxeak eta presoek euskal literaturan? Zer ezaugarri ditu kartzelako literaturak?

Azkenik, saioaren bukaera aldera, Beñat Sarasolak Arantxa Iturberen lehen liburua izango du hizpide: Ezer baino lehen. Aurretik hainbat sariketatan sariak lortu bazituen ere, huraxe izan zen Iturberen estreinako lana, ipuingile gisa ibilbide nabarmen bat irekiko zuena. Ipuinon ezaugarri nagusiak aletuko dizkigu Sarasolak.

Beti legez, gaur izango da ikusgai 'Sautrela', 15:00etatik aurrera, ETB1en.