sautrela
Gaur, 15:00etan
Unai Elorriagak bere azkeneko eleberria aurkeztuko du 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Biolentziaren izugarrikeriaren inguruan ondutako Iazko hezurrak liburua aurkeztuko du idazleak, Hasier Etxeberriarekin solasean.
-
Unai Elorriaga. Argazkia: EiTB
Gaurko 'Sautrela' saioak, euskal literaturako idazle handi bat izango du urteko azkeneko saioan, Unai Elorriagarekin alegia. Aurreko Londres kartoizkoa da nobela plazaratu eta bost urtera eman du argitara Iazko hezurrak. Elorriagaren ibilbidean obra esanguratsua izango da ziur aski, neurri batean behintzat bide berri bat irekitzen duena. Inoiz idatzi duen liburu mardulena da, biolentziaren izugarrikeriaren inguruan ondutakoa. Batez ere Euskal Herriko eta Ruandako indarkeriak azaltzen zaizkigu, modu aski gordinean azaldu ere. Liburuaren ingurukoak kontatuko ditu Elorriagak, eta baita idazletza eta literaturari buruzko beste zenbait gauza ere. Berriki iragarri zuen idazle profesional izateari utzi nahi ziola. Zer bizi izan du langintza horretan? Nolatan asmo berri horiek?
Bestalde, hil baino lehen irakurri beharreko liburu ezinbestekoen zerrenden inguruan hausnarketa egingo du 'Sautrela'k. Duela gutxi argitaratu zuen, esaterako, Mario Vargas Llosa nobeldunak bere bederatzi liburu gogokoen zerrenda. Alabaina, zenbaitetan zerrenda horietako liburu bat edo beste irakurri eta zaputza hartu ohi dugu, nahiz eta normalean ez garen publikoki aitortzera ausartzen. Liburu horiexei buruz galdegin diegu, bada, idazleei. Ze liburu kanonikorekin ez dute gozatu? Zeinekin esan ote dute 'ez zait hainbeste gustatu'? Zergatik?
Azkenik, Mario Onaindiaren Grande Placen aurkituko gara-ri buruz ariko zaigu Beñat Sarasola. Politikari gisa ezagunagoa, hainbat literatur lan ere argitaratu zuen Onaindiak, eta horien artean ezagunenari buruz mintzatuko zaigu Sarasola.
Ohiko legez, gaur izango da ikusgai 'Sautrela', 15:00etatik aurrera, ETB1en.
>