sautrela
Literatura
Mikel Hernandez Abaitua elkarrizketatuko du, 15:00etan, 'Sautrela'k
EiTB
Gainera, erreportajean Dubravka Ugresic izango dute hizpide, eta Asun Agiriano Hankaz gora du amak mundua liburuaz mintzatuko da.
2017an nobedadeak egongo dira gaur 'Sautrela' saioan. Egitura bera izango bada ere, aldaketatxo batzuk egingo dituzte amaiera aldera. Kolaboratzailearen tartean, lau lagun izango dituzte, astero aldatzen joango dira, eta, honenbestez, hilean behin hartuko dute parte. Lehenik, jakina, Juan Luis Zabala tartearen beteranoa izango dugu, orain arte bezala, iraganeko obrak berreskuratu eta komentatzen. Horrez gain, zinema eta literatura, antzerkia eta haur eta gazte literaturari buruzko tarteak izango dituzte. Azken horretarako, Asun Agiriano gonbidatuko dute hilero, eta huraxe izango dugu larunbat honetako programan; Hankaz gora du amak mundua liburuaz mintzatuko da. Dani Martirenaren eta Ana Ibañezen lehen lana dugu, eta liburuaren dohainak aletuko ditu. Baionako Elkar, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-dendetako gomendioekin amaituko dute saioa astero-astero.
Aste honetan, ordea, saioko elkarrizketa nagusia Mikel Hernandez Abaituarekin izango du Beñat Sarasolak. Airearen isla nobela argitaratu zuen 2016. urtearen amaieran, eta horretaz mintzatuko dira. Gure literaturako beteranoetako bat da Abaitua, eta gogo biziz jaso dugu liburu berriaren argitalpena; izan ere, duela hamabost urte publikatu zuen azken nobela. Maitasun istorio bat kontatzen du Airearen isla lanak, eta iruzur literario baten berri ematen du tartean.
Erreportajean, bestetik, Dubravka Ugresic idazle kroaziarra izango dute hizpide. Donostia 2016ren baitako Korrespondentziak programan parte hartu berri du, Harkaitz Canorekin izan duen eskutitz truke batekin. Erein argitaletxeak argitaratu du eskutitz sorta hori, eta horretan oinarriturik, Balkanetako egungo idazle garrantzitsuenetako baten soslaia emango dute. Horretarako, Canoren beraren eta Juanjo Olasagarreren esanak izango dituzte gidari.
'Sautrela' saioa gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.