Soinu Ehiztaria
Xabi Larrazabalekin
'Soinu Ehiztaria' elkarrizketa saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Elkarrizketatuaren bizitzan murgilduko da, haren bizitzaren soinuak erabiliz. Lehen protagonista Jagoba Arrasate izango da.
Elkarrizketa programa berria estreinatuko da gaur gauean, ETB1en. Orio Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzita eta Xabi Larrazabalek aurkeztuta, 'Soinu Ehiztaria' saioan, gure gizarteko pertsonaia ospetsuak era sakonago batean ezagutzeko aukera izango dugu, haien bizitzaren soinuak erabiliz. Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaile ohia izango da lehenengo protagonista.
Elkarrizketatuaren bizitzan barna abiatzeko, haren bizitzaren soinuak erabiliko dira saioan. Eta aurkezleak, Xabi Larrazabalek, elkarrizketak egiteaz gain, soinu horiek bilduko ditu, elkarrizketatuaren txoko eta lekuak bisitatuz. Gonbidatuaren iraganaren eta orainaren arteko zubi lana egingo du 'Soinu Ehiztariak'.
Gainera, plato txiki bat izango da saioan, soinu ehiztariaren soinu laborategia izango dena. Aurkezlea bere platotik elkarrizketara eta elkarrizketatik soinu ehizatzera ibiliko da.
Xabi Larrazabal aurkezlea Euskadi Irratiko entzuleentzat ezaguna da. Gaur egun 'Hiri Gorrian' irratsaioa aurkezten du arratsaldero Maider Segurolarekin batera. Telebistan ikusiko dugun lehen aldia da.
Jagoba Arrasateren soinu kuttunak
Gure gizarteko pertsonaia ospetsuen soinu kuttunak bilduz, gure herriaren soinu banda osatu nahi du 'Soinu Ehiztaria' saioak. Aurreneko protagonista, igande honetan ikusi ahal izango duguna, Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaile ohia izango da. Itziarren egongo dira berarekin elkarrizketa egiten eta horretaz gain, bere jaioterria, Amoroto, bere ikastola eta bere txoko garrantzitsu asko bisitatu dituzte.
'Soinu Ehiztaria' saioko hurrengo gonbidatuak Maddalen Iriarte ETBko aurkezlea, Patxi Bisquert eta Itziar Ituño aktoreak, Andoni Egaña bertsolaria, Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, eta Iñaki Perurena harrijasotzailea izango dira.