Sukaldaria
22:30ean
'Sukaldaria' saio berria Joseba Arguiñanorekin, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTBn
Euskal Herriko txokoak ezagutu, bizilagunekin solasean aritu eta bertako jakiak eta platerak probatzea izango da ardatza.
'Sukaldaria' saioa hasiko da gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en. Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldariak Euskal Herriko txoko desberdinak bisitatuko ditu, bertako bizilagunen istorioak eta gastronomia ezagutzeko asmoz. Bere txangoa Orozkon, Bizkaian, hasiko du.
Julia Barbarenarekin egingo du lehen hitzordua. Emakumeak 77 urte ditu eta herriko okin ospetsua da. Bere baserria ezagutuko dugu, han egiten baitu lan. Era guztietako ogiak egiten dituzte bertan, eta Joseba lanean jarriko du. Baina sorpresatxo bat dauka gordeta guztiontzat. Ogia egiten amaitu ostean, bere espezialitate nagusia prestatzen erakutsiko digu: 'Euskal pastela', Euskal Herriko postrerik arrakastatsuena. Juliak bere errezeta partekatuko du Josebarekin, eta bere pastela zertan desberdintzen den besteekiko ere esango digu. Osagarri bizigarriek izango dute zeresana horretan. Baina Julia ez dago bakarrik. Bere senarra den Pablo Azkoaga ere bertan izango da. 90 urte betetzera doan urtean, sasoiko jarraitzen du gizonak, bere emaztearekin batera lanean. Pasadizoak partekatuko dituzte Josebarekin, eta bien arteko maitasun istorioa ezagutuko dugu.
Felix Mugurutzak 54 urte ditu eta euskal filologoa da. Nahiz eta Laudion bizi, lotura handia du Orozkorekin, familia hangoa baitzuen. Hasieratik, Joseba harrituta uztea lortuko du. Basoaren erdian su txiki bat piztuta izango du aurkezlea iristean. Zertan ari dela galdetua izatean, 'Txintxiburduntzia' izeneko errituala egiten ari dela azalduko du. Honi buruzko istorioa kontatzearekin batera, Josebari sutan berotutako urdaia jatea eskainiko dio, erritualaren parte omen da eta. Naturari eskerrak eman ondoren, lanean hasiko dira Felix eta Joseba. Aurkezleak krepeak prestatuko ditu. Janaria bultzatzeko, Felixek garrafa egingo du, Orozkon oso ezaguna den edari freskagarria, limoia eta ardo zuriz egina. Tripa majo beteko dute menuarekin, naturarekin konexio ederra lortuz.
Jose Mari Olabarria artzaina da, 83 urte ditu eta jubilatuta dago. Urigoiti auzoko baserri batean bizi da, Orozkon. Bere emaztea den Josefina Petralanda du alboan, duela 44 urtetik. Jose Marik etxe alboko landan eta kortan dauzkaten ardiak erakutsiko dizkio Josebari, eta une dibertigarriak eskainiko dizkie ikusleei. Ondoren, Josefinak indaba goxo-goxoak prestatuko ditu, eta Joseba eta Jose Marik txorizoa gehituko diete. Giro onean bazkalduko dute, Jose Mariren artzain bizitzari buruz mintzatzen diren bitartean.
'Sukaldaria' ostegunetan, 22:30ean, izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.