Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

13:30ean

Minbiziaren genetikaz arituko da asteburu honetan "Teknopolis" saioa

EITB

Gaiaren inguruan arituko dira, besteak beste, Arkaitz Carracedo ikertzaile eta dibulgatzailea eta Elhuyarreko Ana Galarraga.

  • Arkaitz Carracedo eta Iñaki Leturia.

    Arkaitz Carracedo eta Iñaki Leturia. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

Aste honetako "Teknopolis" saioak minbizian sakonduko du. Gaixotasun latza izanagatik, muina ezagutzeak lagundu dezake, ez bakarrik tratamendu zehatzagoak bideratzen baita gaitza beste era batera eramaten ere. 

Minbiziaren gainean dibulgatzen oso ohitua dagoen ikertzaile bat elkarrizketatuko du saioak, Arkaitz Carracedo Ikerbasque eta CIC bioGUNEko ikertzaile eta dibulgatzailea. Minbizia nola sortzen den, zergatik eta nola zabaltzen den azalduko du Arkaitzek eta zalantzak argituko ere, esate baterako, minbizia zenbateraino heredatzen den.

Azken aurkikuntzei eta tratamendu berrienei ere erreparatuko die saioak, esate baterako immunoterapiari. Tumore-zelulei zuzenean erasotzen dieten kimio eta erradioterapiak ez bezala, immunoterapiaren helburua da pazientearen immunitate-sistema indartzea, zelula gaiztoak bere kabuz detektatu eta deuseztatu ditzan.

Horrez gain, "Koronabirusaren gakoak" asteroko atalean, txertoen inguruan arituko dira. Izan ere, COVID-19aren kontrako txertoa azkar garatzen ari da eta horrek mesfidantza sortu du pertsona batzuengan. Elhuyarreko Ana Galarragak azalduko duenez, arintasun horrek badu bere zergatia eta ez dio segurtasunari eragiten. Merkaturatzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte txertoek; seguruak eta eraginkorrak direla bermatzeko.

"Teknopolis" saioa larunbatean 13:30ean izango da ikusgai ETB1en, eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez ere eskainiko dira.