Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Diseinua eta mugikortasuna, aste honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

Nola joango gara lanera 20 urte barru? Asteburu honetako saioak etorkizuneko mugikortasuna, ibilgailuak azpiegiturarekin komunikatzeko sistemak eta etorkizuneko diseinatzaileen formakuntza jorratuko ditu, besteak beste. Ibilgailu autonomoen inguruko dilemak ere aztertuko dituzte.

  • "Teknopolis"

    "Teknopolis". Elhuyar Fundazioa.

Aste honetako "Teknopolis" programan etorkizunera begira jarriko dira. Nola joango gara lanera 20 urte barru? Orain norberaren autoan egiten dugu bidea, baina ibilgailu autonomoak hobetu ahala asko aldatu daiteke hori. Izan ere, autonomoak izateaz gain, elkarrekin lan egingo dute eta bide-sarearekin komunikatuko dira trafikoa modu eraginkorrean antolatzeko. Etorkizuneko mugikortasuna kooperatiboa, konektatua eta autonomoa izango da, eta, saioan ikusiko dugunez, BRTA aliantzako ikerketa-zentroak dagoeneko ari dira beharrezko teknologiak garatzen. Vicomtech-ek probatarako erabiltzen duen auto batean ibiliko dira, Tecnaliak automatizatutako autobusak ikusiko ditugu eta ibilgailuak azpiegiturarekin komunikatzeko Ceit-ek garatutako sistemak ezagutuko dituzte.

Dilemak ere ekarriko dituzte ibilgailu autonomoek. Jo dezagun kotxe autonomo bati frenoek huts egiten diotela eta ezin dela gelditu. Zuzen jarraituz gero, haur bat harrapatuko du; eskuinetara joaten bada, agure bat. Nor salbatu beharko luke? Zer lehenetsi beharko luke? Sarean atalean gisa horretako dilema moralak jasotzen dituen Moral Machine esperimentua ezagutuko dute, etorkizunean makina adimendunen esku egon daitezkeen erabaki moralen inguruan hausnartzeko ezinhobea da.

Diseinuaz ere arituko dira. Arkitekturarekin, dekorazioarekin, modarekin zein industriarekin lotzen dugu diseinua; eta edozein produktu garatzen hasteko lehenengo lana izaten da. Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroan izango dira, etorkizuneko diseinatzaileak formatzen baitituzte han. Ideietatik prototipoak egiteko bidea lantzen dute, pertsonak proiektuen erdigunean jarriz. 

"Teknopolis" larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta igandean, 12:10ean ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere ikusgai izango dira.