Tribuaren Berbak
Gaur gauean
Euskara 25 urte barru, 'Tribuaren Berbak' saioan
A.E.
EiTB
Besteak beste, Patxi Baztarrika, Lurdes Auzmendi eta Zigor Etxeburuarekin mintzatuko da Kike Amonarriz.
Nola dago euskararen botila? Erdi hutsa ala erdi betea? Eta nola egongo da 25 urte barru, 2039. urtean? Galdera horiei erantzuten saiatuko da Kike Amonarriz eta baita saiora gonbidatutako lagunak ere, gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioan.
Patxi Baztarrika, Lurdes Auzmendi eta Zigor Etxeburua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, sailburuorde ohia eta Gipuzkoako Euskara zuzendaria hurrenez hurren, euskararen botilaren inguruan bilduta euren hausnarketa eskainiko dute.
Kalean belaunaldi ezberdinen iritzia jasoko dute, 2039an profesional izango diren gazteena eta baita egun ume txikiak dituzten gurasoena ere.
Iñaki Martinez de Luna soziolinguista euskararen etorkizunaz eta erronkez arituko da. Eta Karmelo Ayesta Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egileak berriz, euskal hiztunok gure hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko urratsak azalduko ditu.
Euskalgintzako alor ezberdinetako hainbat kidek ere etorkizunean euskara nola ikusten duten azalduko dute saioan.
'Tribuaren Berbak' saioa gaur dago ikusgai 22:15ean ETB1en.