Tribuaren Berbak
22:15ean
Batua vs euskalkiak, gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioan
Euskara batua eta euskalkiak aurkari diren eta biak uztartzeko modurik al dagoen aztertzen saiatuko da gaur gauean Kike Amonarrizek aurkezten duen saioa.
Aurkariak al dira? Nola uztartu daitezke euskara batua eta euskalkiak? Galdera horiei erantzuten saiatuko da Kike Amonarriz, gaur gauean, Batua vs euskalkiak izena duen 'Tribuaren Berbak' saioan.
Koldo Zuazo hizkuntzalariak euskalkiak zer diren azalduko du eta horien sorreraz arituko da. Lionel Joly soziolinguistak hizkuntzen eta dialektoen arteko aldeak argitu, eta beste hizkuntzetan gai honen inguruan dauden iritziak azalduko ditu. Eta Andres Urrutia euskaltzainburuak euskara batuaren sorreraz eta batuaren eta euskalkien arteko erlazioaz hitz egingo du.
Kalean ere izango da Kike, jendeak berea ez den euskalkiaren gainean zer dakien jakiteko. Eta azkenik, Aingeru Epaltza, Irati Jimenez, Itxaro Borda eta Anjel Lertxundi idazleek euren lanetan euskara batua eta euskalkiak nola uztartzen dituzten esango dute.
'Tribuaren Berbak', gaur gauean, 22:15etik aurrera, ETB1en.