Tribuaren Berbak
22:15ean
'Tribuaren Berbak' saioak lehen denboraldia agurtuko du gaur
Kike Amonarrizek euskarari eta komunikazioari buruz gidatzen duen programa udazkenean itzuliko da ETB1era.
Orio ekoiztetxeak eta ETBk, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Laboral Kutxaren lankidetzaz, euskara ardatz hartuta egindako 'Tribuaren Berbak' saioaren denboraldiko azken atala izango da ikusgai gaur gauean ETB1en. Opor giroan esango digu agur Kike Amonarrizek, oporretan gaudenean euskararekin zer egin dezakegun argituz. Udazkenean istorio eta kontu berriekin itzuliko da.
Zer egin euskararekin oporretan gaudenean? Maletan sartu beharko genuke edo etxera bueltatu arte atseden eman? Lehenik eta behin, turistek euskararen berri ote duten jakin nahiko du Kikek, Biarritzera eta Donostiara joandako bisitarien eskutik. Ondoren, euskararekin lotutako zenbait proposamen egingo dizkigu: 'Euskararen Donostia' ibilbide gidatua egitea, euskarazko liburuak irakurtzea, barnetegi edo udalekuetara joatea, udako festez gozatzea, nekazaritza-turismoko etxe batean egonaldia....
Euskarari eskainitako ehunka ordu
'Tribuaren Berbak' saioak euskara ikuspegi ezberdinetatik jorratu du 33 ataletan. Ideia baten inguruko saioak egon dira: Euskara sexista al da?; Urte berri, asmo berri; Euskara 2039. urtean; Zergatik ez dugu egiten?... Sektorialak ere bai: euskara publizitatean, zientzian, musika eta umore munduan, sarean, zinemagintzan...
Gai bat ardatz hartuta beste hainbat atal garatu dituzte: euskaldun berriak; gazteen euskara; euskara eta kooperatibismoa; 60ko hamarkadan euskarari emandako astindua; Frantziaren itzal luzea; euskararekin jolasean; Ahoz aho, belaunez belaun; Itsasoa laino dago; eta Opor giroan (denboraldi honetako azken atala).
Narratiboak izan dira, aitzitik, euskararen tamainari buruzko saioa, Riojatik Errioxara izenburupean egin zena (Lapueblako lehen euskaldun zaharraren bila) eta Kanpoko eta bertoko izenekoa. Eta geografikoak honako hauek: Biba Xiberua; Bertan Bilbo; EusKatalà; Nafarroa arragoa; Gasteiz-Vitoria-Gasteiz… Komunikazioarekin lotura duten gaiak ere jorratu dituzte; nola hitz egin jendaurrean, esate baterako.
Programa bakoitza egiteko, batez beste hiru egun pasatu dituzte grabatzen, eta Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute. "Euskal Herriko eskualde gehientsuenetan grabatu dugu, eta saiatu gara programa bakoitzean gure aniztasun geografiko-linguistikoa erakusten", esan du Kike Amonarrizek. 800dik gora gonbidatu izan dituzte: "200 pertsona inguru azaldu dira elkarrizketa luzeetan. Eta horiei, ikasle taldeak, kale inkestetan agertu diren pertsonak edo agerpen laburretan azaldu direnak gehitu behar zaizkie".
'Tribuaren Berbak' saioaren lehen denboraldiak erakutsi digu euskarak sare zabala duela, eta, Kikeren ustez, luzea da oraindik jorra daitezkeen gaien zerrenda: "Euskarak eta hizkuntzek askorako ematen dute, denek hitz egiten baitugu eta bizitzaren esparru guztietan hitz egiten baita. Gai askotara, gainera, hurbildu besterik ez gara egin, eta sakonxeago jorra daitezke". Zer ari da gertatzen guraso biak euskaldun berriak diren familietan? Merkataritza alorra, euskara kiroletan, Madrilgo gune euskaltzaleak, Euskal Herriko hizkuntza ere baden okzitaniera, mugaren bi aldeetako harremanak, euskara munduan, gerrak eta euskara, euskara sukaldean, ezkerraldea, euskara historian… Horiexek datorren denboraldirako aurreikusita dituztenak.
Euskararen inguruan dagoen dinamika sozial aberatsa, eta ezagutzen ez dugun jende asko egiten ari den lan bikaina nabarmendu du Kikek orain arteko ibilbidean. "Elkarrizketatu askorekin harritu naiz: Madrilgo euskaldunak, euskarazko zinemaren zailtasunak eta erronkak, Zuberoako bizitasuna, Gasteizen euskara egiten ari den aurrerabidea, euskaraz hitz egiten duten robotak, etorkinen eta erdaldunen jarrera baikorra, zenbait eremu euskaldunetan izan den galera... Etengabeko aldaketan dagoen errealitatea da euskararena, eta ustekabe handiak jaso ditut programan; gehienak baikorrak, baina baita kezkagarriak ere".
Bitxikeriei buruz galdetuta, kale inkestak oro har errazago egin omen dituzte ingurune erdaldunetan euskaldunetan baino: "Madrilen di-da batean egin genuen, Gasteizen edo Bilbon erraz… Eta, bitxia bada ere, eremu euskaldunetan zailxeagoa izan zaigu zenbaitetan, nahiz eta oro har oso erantzun ona jaso".
Lantaldearen lana eskertu nahi izan du Kikek: "Talde txikia izan arren, saioarekiko inplikazioa erabatekoa izan da, eta lortu dugun formatu arin, erakargarri eta dinamikoa ez genuen lortuko inplikazio hori gabe". Baita ikusleek eta elkarrizketatuek eskainitako arreta; % 5,1eko audientzia zatia izan du, batez beste, euskaldunen artean denboraldi honetan. "Laguntza, animoa eta eskertza besterik ez dugu jaso hilabete hauetan, eta hori sekulako motibazioa da lanean aurrera egiteko".