Tribuaren Berbak
Gaur, 22:15ean
Euskara eredu ere badela erakutsiko du azken 'Tribuaren Berbak'ek
EITB
Besteak beste, Andoni Egaña, AEK-ko Mertxe Mugika, Kontseiluko Paul Bilbao eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea izango dira gaur, 22:15ean, ETB1en, Kike Amonarrizekin.
Euskara bere txikitasunean handia da eta beste hizkuntza batzuentzat itsasargiaren papera egiten du, jarraitu beharreko erreferentearena, alegia. Izan ere, euskara eredu ere bada. "Tribuaren Berbak" saioaren azken atalean, euskara erreferente den hainbat alor azalduko dira. Gaur, 22:15ean, ETB1en izango dugu ikusgai.
Garabideko Ander Bolibar eta Maddi Iñarrarekin izango da Kike Amonarriz. Garabide zer den azalduko dute, eta euskararen normalkuntzan jasotako ezagutza beste hizkuntza komunitateekin nola partekatzen duten adieraziko dute.
Andoni Egaña bertsolariak munduan ahozko inprobisatzaile gehiago ere badirela argituko du. Euskal bertsolaritza zertan den erreferente ere azalduko du, eta baita gure bertsolariek Euskal Herritik kanpo zer ikasi duten ere.
Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak aurtengo Korrika (19.a) aurkeztuko du, eta Euskal Herriko lasterketa ezagunena eredu harturik Europan barna egiten diren "Korrika" ezberdinen ezaugarriak azalduko ditu.
Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia helduen euskalduntze eta alfabetatzeaz arituko da. Lan horretan kanpotik jaso ditugun eraginak aipatuko ditu Mugikak, baita kanpora begira eskaini ditugun ereduak ere.
Azkenik, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hausnarketa jasoko du Kike Amonarrizek, etorkizunera begira aurrera egiten jarraitzeko zein urrats egin beharko ditugun jakiteko.