Tribuaren Berbak
Gaur, 22:25ean
'Tribuaren Berbak', berriro martxan, 'Parisen euskaraz' atalarekin
A.E.
EiTB
Parisen euskaraz atalarekin abiatuko du saioak denboraldi berria. Datorren astean Korrika izango du hizpide.
Gaur, 22:25ean, ekingo dio denboraldi berriari ETB1eko 'Tribuaren Berbak' saioak, Parisen euskaraz atalarekin. Bigarren atalean, martxoaren 17an, berriz, Kike Amonarrizek Korrikako petoa jantzi eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu.
'Tribuaren Berbak' saioak beti ematen ditu aztertzen duen gaiari buruzko datu bitxi eta interesgarriak. Euskararen egoera esparru batean aztertzen du Kike Amonarrizek, gonbidatuen laguntzaz, programaz programa: dela kirola, kostaldeko euskara, Bizkaiko ezkerraldea, Iruñea, garuna, euskal musika, zientzia edo Internet, hamaika berezitasun ikasi dugu gai bakoitzetik. Horiek guztiak EiTBren 'Euskaldunok Euskaraz' blogean biltzen joan da eitb.eus astero, eta, orain, post guztiak aurkibide bakarrean bildu dituzte saioaren atarian bertan.
ETB1ek euskara jorratzeko duen saioa da 'Tribuaren Berbak', eta, beraz, atal berri horren helburua da informazio praktiko eta osatua eskaintzea, bai saioaren jarraitzaileentzat, bai euskara ikasten ari direnentzat, baita hezkuntza arloan erabiltzeko ere.
Parisen euskaraz
Parisen euskaraz izeneko lehen atal honetan, Kike Amonarriz Parisera joango da hainbat tribukiderekin hitz egitera, eta Parisek euskaraz aritzeko ematen dien aukerez galdetuko die. Bisitan, Ronnie Lynn Paterson jazz piano-jotzailea elkarrizketatuko du lehendabizi. Ronnie estatubatuarra da, Kansas estatukoa, eta Parisen ikasi zuen euskaraz. Saioan, gure hizkuntza ikasteko arrazoiak kontatuko dizkigu.
Concorde plazan izango da hurrengo hitzordua. Han, Xabier Madariaga kazetariarekin solastatuko da Kike Amonarriz. Euskarak Parisen duen presentziaz galdetuko dio EiTBk Parisen duen korrespontsalari.
Hango egonaldian, ezinbesteko bisita egingo die Eskual Etxeko lagunei. Horietako bat Louis Domecq izango da, Eskual Etxeko lehen lehendakaria 1950eko hamarkadan. Haren bidez ezagutuko ditugu bilgune hartako sorrera kontuak. Gaur egungo nondik norakoak Arlette Oçafrain, Maitane Larronde eta Lorea Ibañezenen eskutik jakingo ditugu. Gontzal Sierra irakaslearekin euskarazko eskolak entzungo ditugu eta Ibon Bengoetxeak, berriz, Sustraiak-Erroak euskara taldeak antolatzen dituen jarduerak azalduko ditu.
'Tribuaren Berbak' saioko lantaldeak Frantziako Liburutegi Nazionala bisitatuko du eta Bernart Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae Vasconum Primitiae liburua aurrez aurre ikusiko du. Ba al dakizue nola zaintzen duten liburua? Liburutegiko langile batek emango dizkigu azalpen guztiak.
Liburutegiari bisita, eta baita liburu-denda bati ere: Parisen aurki al daiteke euskara ikasteko metodorik? Liburu-saltzaile paristar batekin hitz egingo du Kike Amonarrizek horri buruz.
Luxi Agergarai Amaren Alabak taldeko abeslariak Parisen euskaraz nola bizi den azalduko du; Felix Uhart tabernari garaztarrak bere taberna bitxia erakutsiko digu eta Euken Ostolaza tenoreak bere esperientzia kontatuko digu Opera Nazionalaren eraikin ikusgarriaren ondoan.
Louvre, Eiffel dorrea, Garaipenaren Arkua, metroa eta beste hainbat toki ezagun izango ditugu lekuko euskarak Parisen duen presentziaren berri jasotzeko.
'Tribuaren Berbak', korrika!
Martxoaren 17an, berriz, 'Tribuaren Berbak' saioan, Kike Amonarrizek Korrikako petoa jantzi eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu euskararen eta AEKren aldeko lasterketan parte hartuko duten hainbat lagunekin hitz egiteko. Asier Amondo Korrikako antolatzaile nagusia, Xabier Amuriza, Juan Gorriti, Alizia Iribarren eta Amets Arzallus izango dira saioan gonbidatuetako batzuk. 'Tribuaren Berbak' saioko Korrika berezia Urepelen amaituko da, 19. Korrikari hasiera emango dion herrian, alegia. Han, hasiera-ekitaldiari buruzko nondik norakoak azalduko dizkigu Xan Aire kazetariak.