Tribuaren Berbak
Gaur gauean
"XXI. mendean, hamaika tribu, hamaika euskara", 'Tribuaren Berbak'en
Euskaraz aritzen den hiztunaren profila zein den jakin nahian ibiliko da Kike Amonarriz gaur gauean, 22:25ean.
Nolakoa da euskara hitz egiten duen hiztunaren profila? Bakarra ez, noski! Nolakoa den jakin nahian, Kike Amonarrizek hainbat lagun elkarrizketatuko du, gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioan (ETB1en, 22:25ean).
Miren Azkarate euskaltzaina euskarak azken berrogeita hamar urteotan izan duen bilakaeraz arituko da, batuaren eta euskalkiaren arteko harremanaz. Mikel Zalbide euskaltzainak, berriz, ondorengo galderari helduko dio: nor doa aurretik, hizkuntza ala hiztuna? zein gailentzen zaio zeini?
Ibon Manterola EHUko Letren Fakultateko irakasleak hiztunen artean dagoen profil koktel aberatsa azalduko digu.
Garbiñe Bereziartua Euskara teknikariak Azpeitiko gazteekin egin zuen azterketa baten berri emango du. Gazte horiek sare sozialetan zein hizkuntzatan komunikatzen diren jakingo dugu.
Azpeititik Soraluzera. Han, Maite Quintanilla antropologoak gazteek euskararekin duten atxikimenduaz hitz egingo du, eta gazte horietako batzuk elkarrizketatuko ditu Kike Amonarrizek.
Jokin Etcheverria ekoizlea Donibane Lohizune inguruko gazteek darabilten euskara motaz ariko da: ba al da Iparraldean 'frantseuskararik', Hegoaldean 'euskañola' dagoen moduan?
Asisko Urmeneta marrazkilaria izango da saioko beste gonbidatuetako bat. Hizkera kolokial-koloniala eta gazte hizkera nazionala sortzeko beharra izango ditu hizpide.
Anjel Lertxundik egingo ditu saioko azken hausnarketak, eta euskara eta adierazkortasunaren arteko harremanaz egingo du gogoeta.
Mugarik ez euskararentzat
Mugaren iparraldeko eta mugaren hegoaldeko euskaldunen bizipenak. Horixe izango da hurrengo saioko gaia. Nola bizi dugu gaur egun euskaldunok muga hori? Berdina al da muga kostaldean (Irun eta Hendaia artean, esaterako) eta barnealdean (Zugarramurdi eta Sara artean, adibidez)? Galdera horiek egingo dizkie Kike Amunarrizek mugan alde batean zein bestean bizi diren hainbat laguni.
t laguni.