Tribuaren Berbak
22:25ean, ETB1en
'Mugarik ez da euskararentzat', gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan
Kike Amonarrizek mugaren iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen bizipenak bilduko ditu gaur, 22:25ean, ETB1en.
Mugaren iparraldeko eta mugaren hegoaldeko euskaldunen bizipenak. Horixe izango da 'Tribuaren Berbak' saioko gaia. Nola bizi dugu gaur egun euskaldunok muga hori? Berdina al da muga kostaldean edo barnealdean? Galdera horiek egingo dizkie Kike Amonarrizek mugaren alde batean zein bestean bizi diren hainbat laguni, gaur, 22:25ean, ETB1en.
Lehen gonbidatuak Elsa Spizzichino, Hendaiako euskara teknikaria, eta Iban Eguzkitza, Irungo euskara zuzendaria, izango dira. Mugaren alde batean zein bestean bizi diren bi herrien arteko harremanak eta euskararen erabilera biziberritzeko ahaleginez hitz egingo dute biek.
Peio Etxeberri-Aintzart historialaria mugak euskaldunon historian izan duen eraginaz mintzatuko da. Ba al dakizue non? Faisaien uhartean, Konpantzian. Hau da, Frantziak eta Espainiak partekatzen duten kondominioan, hain zuzen ere.
Elixabete Garmendia kazetariak frankismo garaian mugak euskal kulturaren arloan izan zuen eraginaz hitz egingo du.
Ibardinen, Kike Amonarriz Kontxita Elgorriaga beratarrarekin elkartuko da. Kontxitak urte mordoa pasatu ditu Atalaya bentan lanean, eta bentetako salmentak izan duen bilakaeraz ariko dira solasean.
Mattin Tapia senpertarrak gaztetan kontrabandoan egindako lanez hitz egingo du. Gaulanean bizi izandako kontu bitxi asko entzungo ditugu.
Senperetik Biriatura. Han, Maitena Duhalde hizkuntzalari ziburutarrak Lapurdiko itsas hegiko euskararen ezaugarriak azalduko ditu.
Kostaldea utzi eta barrualdera joko du saioak. Zugarramurdin, Helena Xurio bertako herritarrak muga nola bizi izan duten kontatuko du. Herritik atera gabe, Carles Belda musikari katalanak Ipar Kataluniako Cerdanya lurralde historikoaz jardungo du eta bi “iparraldeak” alderatuko ditu.
Amaia Castorene baigorriarra izango da azken gonbidatua. Baigorriko Basaizea elkarteko kidea da, eta elkartearentzat nafarren arteko mugarik ez dagoen moduan, euskarak ere mugarik ez duela azalduko du.
Eskolan erabilera sustatuz
Eskola izango da hurrengo programako protagonista. Ikastetxeek, irakasleek, euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lan eta ahalegin handiaz hitz egingo du Kike Amonarrizek. Horretarako, Euskal Herriko hainbat ikastetxe bisitatu eta hainbat aditu elkarrizketatuko ditu. Erabilera indartzeko lan horretan, eskolak gehiegizko motxila al darama bizkar gainean? Guztien artean erantzungo diote galdera horri.
ri.