Tribuaren Berbak
22:25ean
'Eskolan erabilera sustatuz', gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan
Eskolak euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lanaz arituko da Kike Amonarriz, gaur, 22:25ean, ETB1en.
Zer lan egiten du gaur egun eskolak euskararen erabilera ikastetxean bertan bultzatzeko? Galdera hori izango da gaur Kike Amonarrizek erantzun nahiko duena 'Tribuaren Berbak' saioan (ETB1, 22:25).
Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kidearekin abiatuko du gaia tolosarrak, eta etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleentzat eskolek duten garrantziaz hitz egingo dute.
Bestetik, Jasone Aldekoak, Hezkuntza Berriztatzeko aholkulariak, 'Ulibarri' plana zertan den azalduko du.
Kike Amonarrizek hainbat ikastetxe bisitatuko ditu, publikoak eta pribatuak. Helburua? Irakasleei zuzenean galdetzea zein lan egiten duten euskararen erabilera sustatzeko. Ikasleak ere elkarrizketatuko ditu, euskara non eta norekin hitz egiten duten jakiteko. Ikastetxe hauetan egongo da: Gasteizko Koldo Mitxelena institutu publikoa, Hernaniko Inmakulada kristau eskola, Tolosako Laskorain ikastola eta Kanboko Xalbador kolegioa. Sortzen elkarteko kideak Nafarroako egoeraz mintzatuko dira.
Jasone Cenoz EHUko katedradunak nazioartean hizkuntz gutxituen erabilera sustatzeko ezagutzen dituen ereduez hitz egingo du.
Saioarekin amaitzeko, Iñaki Biain Irungo Berritzeguneko aholkulariak eskolak eta gizarteak euskararen erabilera indartzen duten arduraz hausnartuko du.
Nerbioitik Ibaizabalera euskaraz
Bidaia polita egingo du Kike Amonarrizek Araba eta Bizkaitik hurrengo saioan. Urduñatik hasi, Laudio eta Amurriotik pasatu eta Basauriraino, hainbat herri bisitatuko ditu, bakoitzean euskararen egoera zein den jakiteko asmoz.
k/