Itxi

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Atal berriak ETB2n

'Tribuaren Berbak' saioaren atal berriak, gaurtik aurrera ETB2n

EiTB

Kike Amonarrizek zuzendu eta Reyes Pradosek aurkeztuko du euskara ardatz hartuko duen saioa, 19:45ean, eitb.eus-en eta ETB2n.

1:31

'Tribuaren berbak' programa pantaila txikira itzuliko da, baina oraingo honetan, ETB2ra eta gaztelaniaz. Laster ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, azaroaren 29an eta abenduaren 6an eta 13an, hiru atal berezi eskainiko dituzte. Orio Ekoiztetxeak egingo duen saioak Reyes Prados izango du aurkezle, eta Kike Amonarriz, zuzendari. Igandeetan, gaueko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, 20:00etan, izango dira ikusgai atal hauek.

Gaur gauean, Si yo no sé, ¿cómo les puedo ayudar? izeneko atala eskainiko dute. Gurasoek sarri izaten duten ardura horri ("Nik ez badakit, zelan lagunduko diet?") erantzuna ematen saiatuko dira. Horretarako, Jone Miren Hernandez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izango dute mintzalagun. Zalantzak argituko ditu, aholkuak eskainiz eta teknika ezberdinak proposatuz. Bestalde, Joxe Amiama EHUko Pedagogia doktoreak etxerako lanak izango ditu hizpide. Haurrei zelan lagundu eta nola motibatu azalduko du.

Bestalde, Sara Gandara aurkezlea, Zuriñe Hidalgo abeslaria eta Sara Cozar eta Asier Hormaza aktoreak hartuko dituzte solaskide. Euren sendien baitan ez zen euskaraz hitz egiten, eta euren bizipenak eta oroitzapenak kontatuko dizkiete ikus-entzuleei.

Ondoren, Pablo Suberbiolari bisitatxoa egingo diote ETB2ko kamerek. Soziolinguistika Klusterreko kideak, euskarak hezkuntzan izan duen garapena azalduko du.

Heldu mordoa elkarrizketatu ostean, benetako protagonisten txanda iritsiko da; ikasleei emango diete hitza, etxeko txikienei.

Mertxe Andres Barakaldoko Udaleko euskara teknikariak herrian dituzten eskolaz kanpoko euskarazko ekintzen berri emango du, eta hizkuntza ikasteko mesedegarriak direla azalduko du. Atal honetan, Erandioko Cabello Garcia sendia ezagutuko dute, eta Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailearen aholku profesionalak entzungo ditugu. Sendiaren baitan euskara zelan sustatu erakutsiko du.

Bukatzeko, Iruñea aldera joko dute, Paula Kasares soziolinguista eta Nafarroa Unibertsitate Publikoko irakaslearekin berba egiteko. Gaztelania berezko hizkuntza izan duten sendiek euskararen susperraldian jokatu duten rol garrantzitsuaz mintzatuko da.

Hurrengo asteean

El euskera, referente mundial da bigarren atalaren izenburua. Demagun mundu osoak hizkuntza bera hitz egiten duela. Zeinen gauza aspergarria! Hizkuntza aniztasuna interesgarria eta dibertigarria da benetan, eta horixe bera sumatzen da biztanleei galdetuta. Planeta osoan, zazpi bat mila hizkuntza daude, eta atal honetan, hizkuntzen sailkapenean euskarak duen lekua argituko dute. Euskal hiztunok gure hizkuntzaren gainean dugun irudiaz ere arituko dira saio honetan, eta euskara erreferentetzat dituzten gainerako hizkuntzak aurkeztuko dituzte.

Amaitzeko, Migraciones y convivencia de lenguas atalean, Euskal Herrian zenbat hizkuntza ezberdin egiten diren aztertuko dute. Mundu osotik etorritako etorkin euskal hiztunak ezagutuko ditugu. Hizkuntza ezberdinen elkarbizitzaz duten ikuspegia helaraziko dute elkarrizketatuek.

Igandeetan, 20:00etan izango da ikusgai 'Tribuaren Berbak' gaztelaniaz, eitb.eus-en eta ETB2n.

n.