Txapela Buruan
Saio berria
'Txapela Buruan' saioa estreinatuko du ETB-1ek gaur gauean
A.E.
EiTB
Lehenengo atalean, Hendaiatik aterako dira Maitane, Goihaitz, Irati eta Eneko, hamabost eguneko InterRail-eko bidaia Europan barrena egiteko.
'Txapela Buruan' saioa estreinatuko du gaur gauean ETB-1ek. Lau gaztek Europan barrena egingo duten bidaia erakutsiko du reality berriak. 'Txapela Buruan' saioan, 15 egunetan InterRail bidezko bidaia egin dute lau gaztek.
Gazte horiek aukeratzeko kastinga antolatu zuen ETBk. Deialdiak arrakasta handia izan zuen eta ehundik gora aurkeztu ziren. Kastinetik lau gazte aukeratu zituzten eta eurek egin dute telebistako bidaia: Oiartzungo Goihaitz Perez (18 urte), Durangoko Irati Aimorta (19 urte), Gernikako Maitane Uriarte (20 urte) eta Gasteizeko Eneko Ruiz de Azua (24 urte).
Horien artean, hizkuntzak primeran menperatzen dituztenak eta kirola egitea gustuko dutenak badaude, baita abentura berriak bizitzea besterik bilatzen ez dutenak ere. Nahiz eta hainbat gauza komunean izan, asko dira beraien arteko ezberdintasunak. Hori bai, laurek bidaiatzeko gogo handia erakutsi zuten kastinean.
Lehenengo atalean, Hendaiatik aterako da laukotea, Gernikako Maitaneren gidaritzapean. Amsterdam dute helburu, baina, tartean, Bordele, Limoges eta Paris bisitatuko dituzten. Parisen, Julene Erasmus ikaslea eta Iñar musikariak ezagutuko dituzte. Amsterdamen, berriz, Aitor, bertan bizi den informatikoa, Haritz sukaldaria, eta Ane eta bere lagunak, ikasleak guztiak. Amsterdamen sekulako elurteak ongi etorria emango die. Auzo gorria, Kanalak, Coffe Shop-en bat eta WatherLand-eko herritxoak bisitatuko dituzte.
Pausa Digitalek ETBrentzat egindako lan honetan, lau gaztek kontinenteko hainbat lurralde eta hiri ezagututuko dituzte. Horretarako, komunikatzeko gaitasun handia izan beharko dute, baina komunikatzen jakiteak ez du zergatik hizkuntza atzerritar bat menperatzea esan nahi. Hamaika izango dira gure protagonistek biziko dituzten egoera lotsagabe eta dibertigarriak.
'Txapela Buruan' 22:15ean dago ikusgai ETB-1en.