Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Estreinaldia, 22:30ean

Homosexualitateariko dugun jarrera, gaurko 'Ur Handitan' saioan

A.A.

EiTB

Berdin du! izenburupeko lehen atalean, euskal gizarteak homosexualitatea nola ikusten duen jorratuko dute, Jaime Otamendiren eskutik.

0:31

'Ur Handitan' erreportaje saio berria estreinatuko du Euskal Telebistak gaur gauean. Jaime Otamendi kazetariak gidatuta, gure gizartean dauden kezka, galdera eta eztabaidagaiak jorratuko dituzte, protagonistak aurrez aurre elkarrizketatuz. Estreinaurrekoa EiTBren Bilboko egoitzan egin da, erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta hedabideetako ordezkariak bertan zeudela.

'Ur Handitan' saioan aktualitateari lotutako erreportajeak landuko dituzte. Gizarte eta politika gaiak izango dira saioaren ardatza, eta elkarrizketetan oinarrituko dira. Protagonistengana jo eta bertatik bertara hitz egingo dute beraiekin. Jaime Otamendi izango da saioa gidatu eta elkarrizketak egiteko arduraduna, eta sakon eta gertutasunez aztertuko ditu gaiak, ikuspegi kritikoa erabiliz.

Berdin du!

Berdin du! izeneko erreportajearekin estreinatuko da 'Ur Handitan', otsailaren 26an. Zer-nolako jarrera du euskal gizarteak homosexualen aurrean? Onartzen al ditugu sexu berekoen bikoteak? Edo oraindik gaixo bezala ikusten dira gay eta lesbianak? Ba al dago oraindik homofobiarik Euskal Herrian? Galdera horien erantzuna bilatuko du Jaime Otamendik.

Besteak beste, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea eta Josebe Iturrioz Medeak talde feministako kidea izango dira protagonistak. Batetik, euren bizipenak eta esperientzia pertsonalak kontatuko dizkigute. Bestetik, politikan, lan-munduan, hezkuntzan eta kirolean, bereziki futbolean, dagoen egoera aztertuko dute. Gaur egungo errealitatea ezagutzeko, Hegoak kolektiboak bultzatutako Kamalions futbol taldean murgilduko dira, eta baita gazte kuadrilla batean ere.

Hurrengo saioetan ere, eztabaida pizten duten gaiak landuko dituzte. Pobreziaren aurpegiak zeintzuk diren ikusi ahal izango da bigarren atalean; gurean krisiak erasan dituen herritarrak eta gizarte laguntzei esker bizi direnak ezagutuko ditugu.

Nola moldatzen dira hilabete amaierara iristeko? Gizarteak pobreak baztertzen al ditu? Gizarte laguntzak nahikoa al dira? Iruzurgile asko al dago? Etorkinak Euskadiko laguntza sistemaz aprobetxatzen al dira? Elkori sahararrak eta Ainhoa zarauztarrak euren kasuak kontatuko dituzte. Ugaitz Crespo gasteiztarrak, berriz, PPk gizarte laguntzei buruz duen iritzia azalduko du.

Hirugarren saioan, heriotzari aurrez aurre begiratu dioten pertsona batzuengana gerturatuko da. Laugarrenean, Espainian barrena ibiliko dira, Euskadiren eta Espainiaren arteko harremanei buruz galdetuz. Bosgarren atalaren helburua euskal gazteak ezagutaraztea da: zeintzuk dira horien kezkak, zeintzuk horien ametsak? Seigarren atalean, azkenik, etxetik urruti dauden presoen senitartekoak izango dira protagonista.

Gertutasuna, sakontasuna eta ikuspegi kritikoa izango dira 'Ur Handitan' saioaren ezaugarri nagusiak, ostegunero, 22:30ean, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista