Ur Handitan
Asteartean
Transplanteak aztergai, gaurko 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Laugarren atal honetan, transplantea jaso duten hainbat lagun, hildako semearen organoak ematea erabaki duten gurasoak eta transplanteen koordinatzaileak ezagutuko dituzte.
Transplanteen gaia jorratuko du Xabier Madariagak aurkezten duen 'Ur Handitan' saioak aste honetan. Hasteko, Alejandro Etxabe etxebarriatarra ezagutuko dute. 45 urte ditu, eta giltzurrun transplante baten zain dago, baina ez du bizidun baten giltzurrunik nahi. % 10ean egiten dute lan bere giltzurrunek, eta, ondorioz, dialisia egin behar izaten du, egunean 3-4 aldiz. Gaixotasunak haren egunerokoa nola baldintzatu duen gertutik ikusiko dute, haren emazte eta semeen testigantzak jasotzearekin batera.
Aitor Aulestia ondarroarrari, ordea, bi giltzurrun transplantatu dizkiote. 58 urte ditu, eta bere emazteak eta anaiak giltzurrun bana eman zizkioten. Une honetan, Zumaiako kiroldegian egiten du lan, eta txirrindulari amorratua da. Harekin eta haren emaile izan ziren emaztearekin eta anaiarekin egongo dira.
Ibai Gabantxoren kasua, aldiz, bestelakoa da. 14 urte ditu, baina bost urterekin antzeman zioten leuzemia. Kimioterapia eman ostean, hezur-muina transplantatu zioten. Lehen ebakuntza ez zen ongi atera, eta, gogor borrolatu zen, eta bigarren transplantearekin aurre egin zion gaixotasunari. Haren ama, Mari Jose Martinez, izan zen emailea bi kasuetan. Bermeon egongo dira gorabehera handiko bidaia honetan murgiltzeko.
Iruñean, Javier Indurain eta Conchi de La Iglesia senar-emazteekin egingo dute hitzordua. Istripuz galdu zuten Eduardo semea. 21 urte zituela harrapatu zuen motor gidari batek, eta haren organoak ematea erabaki zuten.
Azkenik, Donostiako Ospitalean, Lucia Elosegi eta Lander Atutxa Gipuzkoa transplanteen koordinatzaileekin egongo dira. Organo transplantearen prozesua ezagutuko dute, hil berri den emaile baten organoak jasotzen direnetik transplanteak egin arte.
'Ur Handitan' saioa, gaur gauean izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
B1en.