Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Denetariko familia ereduak, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Besteak beste, familia ugariak, guraso bakarreko familiak eta bi amak osatutakoak izango dituzte Xabier Madariagak aurkezten duen saioan.

0:20

'Ur Handitan' saioaren hamahirugarren atalean, denetariko familia ereduak izango dituzte hizpide gaur gauean.

Lau belaunaldi biltzen dituen Aiako Izeta familiarekin egongo dira. Manuel eta Mari Angeles birraitona-amonek 11 seme-alaba izan zituzten, eta horietako bat, Xabier, aitona, izan da hurrengo belaunaldien segida ekarri duena. Seme-alaba eta biloba guztiak zenbatuta, guztira, 12 lagun bizi dira etxean. Denekin bilduko dira euren elkarbizitzaren nondik norakoak ezagutzeko.

Nagore Aramendi azpeitiarraren etxean ere ez dago mugimendua falta. Nagore Aramendik eta senarrak 26 urterekin izan zuten lehen semea. Hori jaio eta zazpi hilabetera, haurdun gelditu zen berriro. Argi zuten familia ugaria izan nahi zutela, eta hirugarrenaren bila joan zirenean, hirukiak etorri ziren. Talde bat dela diote, denek denei laguntzen diotela. Horren lekuko izango dira.

Ildo beretik, Argider Mujika lazkaotarrak bakar-bakarrik hazi eta hezi ditu bere seme-alabak. 36 urterekin, guraso bakar izatea erabaki zuen. Intseminazio artifizial bidez gelditu zen haurdun, eta Araitz jaio zen. 39 urterekin, familia handitu nahian, prozesu bera errepikatu eta bikiak izan zituen. Hainbat aurreiritzi eta herri txiki bateko txutxu-mutxuei jaramonik egin gabe, familia zoragarria osatu dute.

Beñat eta Olatz nerabe bilbotarrek bi ama dituzte. Natalia Gardeazabalek eta bikotekideak duela 13 urte hartu zuten guraso izateko erabakia, garai hartan horren ohikoa ez zen familia eredua osatuz.

Erandion, Goizalde Suarezentzat eta senarrarentzat urduritasun eta emozio handiko hilabeteak izaten ari dira. Haurdunaldi subrogatua baliatu dute, Goizalderi 25 urterekin minbizia atzeman baitzioten eta ordutik tratamendua jasotzen ari baita, haurdunaldiarekin bateragarri ez dena. Maiatzean jaio eta iritsiko da Ukrainatik euren etxera Urdax, euren semea.

Ida Camara senegaldarra Erika Larrañaga emaztearekin bizi da Getarian. Lan egiten zuen itsasontzitik alde egin zuen, eta diskoak saltzera gerturatu zen herrira. Txoko Getaria jatetxeko nagusiak lana eskaini zion bertan, eta handik gutxira ezagutu zuen Erika. Jatorri, hizkuntza eta erlijio ezberdinen topagune da euren etxea, eta giro honetan hezi dituzte seme-alabak, Nour eta Seynabou.

Gaur egungo aniztasunaren barruan, badira lagunartean bizitzea erabakitzen dutenak, eta mutil hernaniar batzuekin egongo dira horien ereduaren berri izateko. Horien egunerokoa eta tirabirak ezagutuko dituzte.

Hori guztia astearteetan izaten da ikusgai, 22:15tik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

ng>en.