Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Hezkuntza alternatiboaz arituko dira gaur gauean 'Ur Handitan' saioan

A.E. | EiTB

Gurasoen apustua izenburupean, hainbat hezkuntza aukerari erreparatuko diete.

0:24

Hezkuntza, eskola, orain arte ezagutu dugun moduan, krisian al dago? Egia al da gero eta guraso gehiago ari direla alternatibak bilatzen seme-alabentzat? Nolakoak dira aukera horiek? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko da 'Ur Handitan' gaur gauean, Gurasoen apustua izeneko saioan.

Aikari Aldasoro hernaniarrak hiru seme-alaba ditu, eta haien hezkuntzagatik goitik behera aldatu du bizimodua. Hernanitik Trokoizera joan da bizitzera. Arabako herri txiki horretan aurkitu du bere seme-alabentzat egokia iruditu zaion hezkuntza eredua. Geroa Eskola dago han, eta bertara joaten dira Aikariren seme-alabak. Waldorf metodoa erabiltzen duen eskola da, eredu konbentzionaletik kanpoko eskola alternatiboetako bat.

Eredu alternatiboen eskaintza oso zabala da, eta Plisti-plasta eskola da beste aukeretako bat. Plisti-plasta baso eskola aitzindaria da Euskal Herrian. 2014an jarri zuten abian, Kiribilore Permakultura elkartearen barruan. Haurrei naturan bizitzeko eta ikasteko aukera ematea du helburu.

Landabaso Eskola Aktiboan, berriz, hezkuntza librearen aldeko apustua egiten dute. Eskolan lan egiten duen Adrian Garciaren esanetan, "ez gara sentitzen irakasleak, gu bidelagunak gara”. Espazioak prest egon daitezen, norbaitek gune erlaxatu eta egokia ahalbidetu behar du. Beraz, irakasleak ez dira irakasle, ikasketa-prozesuan laguntzen duten pertsonak baizik.

Eskola alternatiboez harago, eskolari alternatiba bilatu diotenak ere badaude. Home-schooling kontzeptuaren barruan, umeak etxean heztearen aldekoak sartzen dira. Madalen Goiria EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea da horietako bat. Umeei etxean emandako heziketari buruzko tesia egin du. Shanti Vegak, berriz, lehen pertsonan ezagutzen du eredu hori, txikitatik etxean ikasi baitu. Biek ala biek euren esperientzien berri emango dute saioan.

Azkenik, irakasle izateko ikasten ari den gazte talde batek hezkuntza munduan izaten ari diren aldaketa horiei buruzko iritzia emango du. Hezkuntzari buruzko gogoeta, beraz, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.