Ur Handitan
22:30ean
'Deserria', gaurko 'Ur Handitan' saioan
A.E.|EiTB
Deserriaz arituko dira aste honetako saioan, dena delako arrazoiarengatik norberaren jaioterria utzi behar izan dutenen bizipenak bilduz.
Deserriaz arituko zaigu asteartean 'Ur Handitan' saioa, dena delako arrazoiarengatik norberaren jaioterria utzi behar izan dutenen bizipenak bilduz.
Ane Irazabal kazetari arrasatearrak txikitan arkeologoa izan nahi bazuen ere, orain sei urte maleta hartu eta munduan barrena korrespontsal lanetan aritzea erabaki zuen. Ordutik, munduko hainbat tokitan izan da berriemaile: Palestinan, Egipton, Grezian, Turkian, Balkanetako herrialdeetan eta Italian. Gertutik ikusi du berak deserria zer den, errefuxiatuen azalean. Berak, ordea, ez du inoiz izan sentimendu hori, egiten duena egin nahi duelako egiten baitu. Euskal Kazetaria saria irabazi du Anek orain gutxi.
Zalantzarik gabe, Ikerne Letamendi Urrestiren bizitza film bat egiteko modukoa da. Oraingoz, ez da gertatu, baina horren familiari buruzko libururik badago; Kirmen Uriberen lana izan da azkena. Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra direla eta, erbestea pairatu zuen familiak. Parisen, Caracasen, New Yorken, Ondarroan, Bartzelonan eta Bilbon bizi izan da familia hau. Letamendi-Urresti familiako kideek ondo ezagutzen dituzte, beraz, "gerra", "deserria" eta "erresistentzia" hitzen esanahia.
Thamer Birawin 58 urteko palestinarra da, Israelek okupatutako lurraldeetakoa. Duela 40 urte, egoera politiko latzaren ondorioz, Palestinatik irtetea erabaki zuen, eta ez da inoiz itzuli; ez diote uzten. Tolosan bizi da aspaldi, bertako emakume batekin ezkonduta, eta hiru alaba dituzte. Alabak, ordea, bai izan dira aitaren sorterrian familia ezagutzen, aita gabe.
Mamadu, El Hadji eta Salieu Bergaran bizi diren hiru lagun afrikar dira. Lehengo biak senegaldarrak dira, eta gambiarra da bestea. Horietako bi pateraz irten ziren Afrikatik; bestea, berriz, lan-kontratu batekin. Euren bizipenak kontatuko dizkigute lagunen arteko elkarrizketan, euskaraz. Herrimina sentitzen dute egunero, baina ia euskalduntzat dute euren burua, afrikar euskalduntzat.
Deserriaren eta herriminaren testigantza hauek guztiak datorren asteartean, abenduaren 26an, ikusi ahal izango dira ETB1eko 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean.