Ur Handitan
22:30ean
Kale gorrian bizi diren pertsonak protagonista, gaur, 'Ur Handitan'en
EITB
Xabier Madariagak kalean bizi diren pertsonen bizimodua ezagutuko du, eta etxegabeei laguntzeko prozesuan lan egiten duten pertsona eta elkarteekin ibiliko da.
Gure hiri eta herrietako kaleetan bizi diren pertsonen inguruko erreportajea eskainiko du gaur gauean 'Ur Handitan' saioak. Azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 274 lagunek ematen dituzte gauak kalean. Etxegabeak dira, gizaki ikusezinak askorentzat. Gaur ikusiko dugun bezala, baina, badago kaletik ateratzerik. Kemena, ausardia, gogoa eta laguntza behar dira, ordea, edonork jasan dezakeen egoera gordin hori atzean uzteko.
Elenak 13 urte eman zituen kalean, 18 urte bete eta bere jaioterritik, Ondarroatik, alde egin ondoren. 1980ko hamarkadan heroina gogor sartu zen Euskal Herrian, eta beste hainbat gaztek bezala, haren mendean erori zen Elena. Horren iritziz, ordea, drogarena ez zen etxetik alde egiteko arrazoi bakarra izan. Pertsona aske eta errebeldetzat zuen bere burua, eta bestelako esperientziak bizi nahi zituen, kalean bizitzearena tartean.
Une gozoak eta gaziak bizi izan ditu, eta 30 urterekin izandako tronbosi batek behartu zuen kaletik ateratzera. Ordutik, pertsona eta elkarte askoren laguntza jaso du, Zubietxe elkarteko Borjarena, esaterako. Elena, egun, Bilboko pisu batean bizi da, eta jubilaturik dago.
Pacok 50 urte ditu. Beti pentsatu izan du lehenago hilko zela. Bere egunerokotasuna jasangaitza egiten zitzaion hainbat unetan heriotzarekin egin du amets. 20 urte zituela gelditu zen kalean, bere bi anaiarekin batera, Andaluzian. Hiriz hiri, etxerik gabe 25 urte igaro eta gero, Bilboko Bizitegi elkarteak lagundu dio kaletik ateratzen.
Jose Antoniok 50 urte ditu, eta Galizian jaio zen. La Navalen lan egitera etorri zen duela hilabete batzuk. Krisiaren ondorioz, lana galdu eta kalean gelditu zen, ordea. Motxila batean daramatza Euskal Herrira ekarri zituen gauzak, ez du beste ezer. Zazpi hilabete daramatza kalean bizitzen, laster berriro lanerako deituko diotela sinetsi nahian. Bizitegi elkartea du bidelagun une latz hauetan.
Estibalizek Paco eta Jose Antonio bezalako pertsonak birgizarteratzen laguntzen du Bizitegi elkartean. Harro dago Pacoren prozesuaz, eta, horren arabera, Jose Antoniok aukera handiak ditu kaletik ateratzeko eta bere betiko bizitzari eusteko.
Joseba Gayak 20 urte baino gehiago daramatza Caritasen gizarte-bazterketa arloan lanean. Kalean bizitzeko erabakia inork behartu gabe har daitekeela uste du, baina horretara heltzeko aldez aurretik baldintza batzuk egoten dira, horren arabera. Etxegabeak ondo ezagutzen ditu, eta etxebizitza bat edukitzea da aurrera egiteko lehenengo baldintza, bere iritzian.
Christhoper 28 urteko donostiar gaztea da, eta duela hamaikatik bizi da kalean. Amak drogekin zituen arazoez nazkatuta, aterpetxe eta adin txikikoen zentroetan pasatu zuen nerabezaroa. Horietako aterpetxe bat Donostiako Caritasena da, eta bertan lanean ari den Andoitz izeneko boluntario batekin ere izan gara.
Gasteizko Gurutze Gorria elkartean aritzen da Lucia boluntario lanetan. Urte eta erdi darama astero kaleetara ateratzen etxegabeei edari beroa eta solasaldia eskaintzen. Denbora horretan, denetik ikusi eta entzun du. Kalearen gogortasuna eta istorio pertsonal oso latzak betiko gogoratuko ditu. Lan honek erabat asetzen du 19 urteko neska hau.
Neguan kale gorrian bizitzea zein gogorra den aztertuko dute gaurko 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean, ETB1n eta eitb.eus-en.
us-en.