Ur Handitan
22:30ean
'Indonesia, Pazifikoan barerik ez' atala, gaur gauean, 'Ur Handitan Atzerrian' saioan
EITB
Xabier Madariaga kazetariak Indonesian gertatutako hondamendi naturalak izango ditu hizpide bertan bizi diren euskaldunekin hitz egiteko.
Munduan Pazifikoan zenbatu dira hondamendi natural gehien. Ez da kasualitatea, suzko eraztunaren gainean kokatuta baitago. Munduko sumendien % 90 (400 baino gehiago) bertan daude. Azken hondamendi natural larrienak Indonesian gertatu dira. Irailaren 28ko lurrikarak eta haren ondorengo tsunamiak ia 2.000 hildako eragin dituzte Celebes uhartean. Abuztuaren 5ean, Lombok uharteak egin zuen dar-dar. Lurrikara hark 500 hildakotik gora eta 1.000 zauritu baino gehiago eragin zituen.
Indonesian 2000. urtetik hona lurrikarek urtero eragindako hildakoak zenbatu dituzte. Han dago Bali, oporretan joateko moda-modako lekua, turisten paradisua, Europako bidaia-agentziek saltzen diguten harribitxia. Milaka dira urtero-urtero paradisu horretara joaten diren euskal turistak ere.
Alain Arretxea donostiarrak hamasei urte daramatza Balin. Surfaren aitzakian ezagutu zuen Indonesiako uhartea, eta bertan bizitza berri bat hastea erabaki zuen. Esnatu, yoga egin eta itsasoan olatu batzuk hartzen ditu Moon Rocks izeneko bere dendak zabaldu aurretik. Hainbat lurrikara sentitu ditu, baina Lombokekoa bezalakorik ez duela ezagutu esan dio Xabier Madariagari. “Balin naturaren indarraren beste sentsazio bat hartzen da", gaineratu du.
Egoi Benitez Ordizian bizi zen, Indonesiara urpekaritza egitera joan zen arte. Indonesiako koralak ezagutu, eta bizitzeko beste modu baten bila itzuli zen. Agung sumendia pizten ikusi zuen azaroan, eta Lombokeko lurrikarak bere etxea astindu zuen abuztuan. Hala ere, paradisuan bizi dela uste du, zalantzarik gabe.
Balin, Al Kaedaren atentatua bizi izan zuen Antxon Arteagak, eta kapitulu ilun hartatik ihesi, lasaitasun bila, Gili Airera joan zen. Bost kilometroko diametroa duen uharte hori paradisuarekin alderatzen du Itziar Rocak ere. Oporretan joan, eta harekin maitemindu ondoren, bizimodu berri bat hasi du han. Abuztuan, Lombokeko lurrikara eta tsunami arriskua izan zenean, infernua paradisutik segundo gutxitara dagoela sentitu zuen. Heriotza bertatik bertara ikusi zuela kontatu dio Itziar Rocak Xabier Madariagari. Antxon Arteagari atentatua gainditzea baino gogorragoa egin zaio lurrikararen ikarari aurre egitea, “lurrikara hamabi orduz luzatu baitzen”.
'Ur Handitan' saioko lantaldeak Lombok ere bisitatu du, lurrikarak eragindako hondakinen artean bizi diren bizilagunak elkarrizketatzeko. Ikusitakoak ikusita, paradisuaren eta infernuaren arteko distantzia neurtzeko ahalegina egin du taldeak.
Euskal jatorriko lau protagonista horiez gain, Indonesiako hainbat herritarrekin hitz egin du Xabier Madariagak.
Astearteetan izaten da ikusgai 'Ur Handitan' saioa, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.