Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Sexua eta aniztasun funtzionala, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Xabier Madariagak aurkeztuta, ezintasunen bat duten pertsonen sexualitatea ardatz hartuko du saioak. Hainbat protagonistaren testigantzak jasoko ditu eta sexu-laguntzaileen lana ezagutuko du.

0:25

"Ez gara izaki asexuatuak. Sexua gustatzen zaigu eta horretarako eskubidea daukagu". Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitatea ikusezina eta estigmatizatua da askotan. Ezintasunen bat dutelako ez dituztela aintzat hartzen sentitzen dute askok, eta beraien egunerokotasunean gizartearen aldetik sumatzen duten bazterketa sexu arloan ere gauzatzen da tamalez. 'Ur Handitan' saioaren gaurko atalean, tabu guztiak puskatuko dituzte Desioaren bidetik erreportajearekin.

Horiekin egoteaz gainera, sexu-laguntzaileen lana ere ezagutuko dute. Horretarako, sexu-laguntzaile bat elkarrizketatu dute. Sexuarekin arazoak dituzten pertsonekin egiten du lan, horien bikotekide izaten da hainbat topaketaren bitartez. Bere lana terapia bati modu praktikoan amaiera ematea dela dio. Halako topaketa bat ere ikusi ahal izan dugu.

Erkuden Txokarro Antsoainen bizi da. Endekapenezko gaixotasun batek gurpildun aulkian egotera behartu du, baina berak umorez ekiten dio bizitzari. 25 urtez bikotekidea izan eta gero, banandu berri da. Ezintasunen bat dutenen sexualitatea, emakumezkoena bereziki, ez da aintzat hartzen, horren hitzetan; aurreiritziz eta jazarpenez betetako diskriminazio bikoitza dela dio. Emakumea eta elbarria.

Peio Mindegia 27 urterekin gelditu zen itsu. Umorez dio ikusmenik gabe sexua egitea argia itzalita egitearen oso antzekoa dela. Serio jarrita, ordea, itsutasuna zulo beltz batean sartzearen antzekoa izan zen berarentzat. Irundarraren arabera, denean asmatu behar izan zuen berriro; sexuan ere bai, noski. Ahots sentsualek edota ukimenaren bidez gorputzak ezagutzeak kitzikatzen du Peio.

Aitor Biain oñatiarra sexualki baztertuta sentitu izan da gaztetatik. Jaio bezain pronto, nerbio optikoaren inguruan izan zuen tumoreak % 5eko ikusmena utzi eta garuneko hainbat operazio eragin zizkion. Bere esperientzia propioak abiapuntu hartuta, dibertsitate funtzionala duten pertsonen sexualtasuna aldarrikatzen du.

Igor Nabarro 17 urterekin geratu zen gurpildun aulkian. Ordura arte oso ondo betetzen zituen estereotipoak: "Majoa nintzen, guapoa, kirolaria, ligoia… eta, bat-batean, mutil arrakastatsuaren ikurrak erori egiten dira". Orain, sexualki aktiboa da, eta 20 urtean orgasmorik izan ez badu ere, hori ez da oztopo beretzat, eta lehen baino amorante hobea da, "osoagoa", bere hitzetan. Igor sexu-laguntzaile batekin egon da lehenengo aldiz, eta sexu-laguntzaileak bere lana zein den azaldu digu.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera.