Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Asteartean, ETB1en

Emakume etorkinak hartuko ditu protagonista 'Ur Handitan' saioak gaur gauean

EiTB

Munduko hainbat herrialdetatik Euskal Herrira etorritako emakumezkoek haien bizimoduaren berri emango diote Xabier Madariagari.

0:22
Emakume etorkinak

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko egunaren harira, 'Ur Handitan' saioak emakume etorkinei buruzko atala prestatu du gaur gauerako. Munduko hainbat herrialdetatik Euskal Herrira etorritako emakumezkoek haien bizimoduaren berri emango diote Xabier Madariagari. Etorkina eta emakumezkoa izatea nolakoa da Euskal Herrian? Zer nolako harrera egiten diegu euskaldunok emakumezko etorkinei?

Maritxu Buzenchi errumaniarra da eta 2004tik Gernikan bizi da. 48 orduko autobus bidaia baten ostean iritsi zen 23 urterekin hona. EGA agiria atera zuen lehenengo etorkina izan zen. Jada herrian integratuta sentitzen dela dio, baina hasiera gogorra izan zela ere bai. Bere bikoteari, besteak beste, "hemen hainbeste Eusko Label izanda zergatik zoaz kanpotar batekin?" esaldia esan zion herriko neska batek. Euskal Herrira etortzea errealitatearekin aurrez aurre topatzea izan zen beretzat. Ilusio eta amets batzuekin etorri zen, baina guztiak aldatu ziren.

Olga Lopera kolonbiarra da, eta duela 17 urte etorri zen Euskal Herrira. Maitasunagatik etorri zen. Bere bikotea euskalduna da, iheslaria, eta momentu hartan Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Preso sartu zuten bikotea, eta Olgarentzat bizimodua ez da erraza izan. Donostian bizi da, eta 86 urteko emakume bat zaintzen du. Euskaraz ikasi du, integratzeko modurik onena dela uste duelako. Gustura sentitzen da gurean, baina Kolonbian dena uztea zaila izan da beretzat.

Anta Ndongo senegaldarrak 51 urte ditu, eta 20 urtetik gora daramatza bere herrialdetik kanpo. Madrilen urte batzuk pasa eta gero Santurtzin bizi da gaur egun. Bost seme-alaben ama da, eta kosta egiten zaio hilabete bukaerara iristea. Epe motzeko hainbat lan izan ditu, baina bere azalaren kolorea lana aurkitzeko "oztopoa" izan dela uste du. Euskaldunak etorkinekin "itxiak" direla uste du: "Beti utzi didate garbi, nor den hemengoa eta nor kanpokoa".

Maite Wu Txinan bizi izan zen bost urte bete arte, eta ume bat zela iritsi zen Gernikara. Gaur egun 23 urte ditu, eta txinatar eta ingeles irakaslea da. Bi munduren artean bizi dela dio, etxeko unibertso txinatarra eta etxetik kanpoko euskalduna. Euskal Herrian zein Txinan kanpotarra sentiarazten dute: "Hemen txinatarra naizela esaten didate, eta Txinara joatean naizenean europarra".

Haleema Sadiak 17 urte ditu eta orain dela 8 iritsi zen Euskal Herrira Pakistandik. Iritsi eta berehala ikastolan hasi zen, eta euskara erraztasunez ikasi zuen. Euskal Filologia ikastea gustatuko litzaioke, baina ez du bide errazik izango. Haleema musulman sunia da, eta datorren urtean Pakistanera joan beharko du bere lehengusuarekin ezkontzera. Familien arteko ezkontza adostua izango da.

Emakume etorkinekin lotutako testigantza horiek guztiak, Munduko emakumeak Euskal Herrian izeneko erreportajean, gaur, 'Ur Handitan' saioan, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.