Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Kirmenen New York City', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Ondarroako idazlea New Yorken da bere nobela berria idazteko.

0:24
Kirmen Uribe, euskal idazle bat New Yorken

Putzuaren beste aldera joango da gaur gauean 'Ur Handitan' saioa Kirmen Uriberen bila. Ondarroako idazleak berriki aukera bat lortu du, New Yorkeko liburutegiko beka prestigiotsu baten bitartez, bere nobela berria New Yorken idazteko. Emakume sufragista eta bakezale bat da Kirmen idazten ari den eleberriaren protagonista: 50eko hamarkadan, Sorginen Ehiza deituriko garaian desagertutako eskubide zibilen aldeko aktibista bat. New Yorkeko liburutegiak duen artxibo emankorrari esker osatzen ari da bere istorioa ondarroarra, Manhattango bosgarren etorbidean duen bulego ikusgarri batean. Kirmenen New York City ezagutzeko abiapuntua izango da bulego hori.

Kirmen Uribe ez dago bakarrik New Yorken. Idazleak emaztearekin eta 2 seme-alabekin batera egin du AEBetara salto, bere azken abentura artistikoa 'familia proiektu' bilakatuta. Uribe-Arrieta familiak Upper West Side auzoan duen etxe 'amerikarraren' ateak ireki dizkigu, eta New Yorkera iristean aurkitutako aukerak eta erronkak azaldu.

AEBetako argitaletxe komertzial batek euskaratik zuzenean itzulitako lehen testua Kirmenena da. Elisabeth Macklin idazle estatubatuar eta euskaltzaleak itzuli zuen 'Bitartean heldu eskutik' (Susa, 2001) poema liburua. Macklinen eskutik helduta egin du bere ibilbidea Kirmenek Ipar Amerikako merkatu lehiakorrean. Idazle estatubatuarra funtsezkoa izan da euskal literatura mundura zabaltzeko Ondarrokoak duen desio horretan. Macklinek izugarri lagundu dio Kirmeni bere buruan sinesten. Zergatik egin zuen apustu euskal idazlearen alde? Aste honetako 'Ur Handitan' azalduko digu.

Literaturaren mundutik kanpoko izen handiak ere izango ditugu bidaide. Rafel Yuste neurobiologoak eta Eder Montero sukaldariak lagunduko digute Uriberen unibertso newyorktarrean murgiltzen. Yuste Columbia Unibertsitatean ari da, Etxe Zuriak finantzatuta, garunaren mapa osatzeko anbizio handiko proiektua zuzentzen. Zientzialaria Bilbao-New York-Bilbao Kirmenen eleberriaren zale amorratua da, eta euskararekiko jakin-min handia du. Aukeren hirian, Montero sukaldariak ere aurkitu du bere lekua. Jatetxe batera lanera joan zen, eta, egun, lau zuzentzen ditu. Manhattango zurrunbiloak bete-betean harrapatu du. Kirmeni ere gauza bera gertatuko ote zaio?

Aspalditik dator Kirmen Uriberen 'obsesioa' New York eta haren under ground kulturarekin. Ondarrokoak 2003an egin zuen lehen bidaia New Yorkera. Lagun taldean joan ziren, euskaraz egindako musika eta poesia emanaldiak eskaintzera. Ametsa zirudiena errealitate bihurtu zuten orduan. Kirmen, berriz ere, Sagar Handian da, eta, jazz musikariek duela ehun urte hiriari 'haginkada' eman nahi zioten bezalaxe, Kirmen ere haginkada ematekotan da.

Gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Ur Handitan: Kirmenen New York City'.