Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:00etan

Klausurako monasterio baten egunerokotasuna, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Lazkaoko Santa Ana monasterioko ateak ireki dizkiete bertako moja zistertarrek ETBko saioko kideei.

0:25
'Ur Handitan: Klausuran' atala

Zer da klausuran bizitzea? Ba ote dauka zentzurik XXI. mendean komentu bateko lau pareten artean bizi osoa emateak? Galdera horiei erantzuteko asmotan, Lazkaoko Santa Ana monasterioko ateak ireki dizkiete bertako moja zistertarrek 'Ur Handitan' saioko kideei.

Maria Luisa Zubiarrain, 88 urterekin, monasterioko ahizpa nagusietakoa da. 20 urte betetzear zituela sartu zen monasterioan; lehen egun hura "bizitzako latzena" izan zela esan du. Familiak ere disgustu handia hartu zuen, "alaba galtzea" izan baitzen beraientzat; berak, ordea, argi zuen bizitza otoitz giroan eman nahi zuela. Klausura bera asko aldatu da, horren esanetan, eta telebista bertan sartu izana da horren adibide garbienetako bat.

Hiru mendean mojek landu duten Santa Anako baratzearen lekukoa bazterketa egoeran dauden pertsonek hartu dute. Beraien arduraduna da Intza Barandiaran, komentuko egunerokoan sartzen den kanpoko pertsona bakarretako bat. 

Miren Edurne Albeniz ahizparen kasua ez da ohikoena, 58 urterekin sartu baitzen moja. Monasterioaren etorkizunaz galdetuta, kezkatuta ageri da Miren Edurne, hiru gazte bakarrik baitaude komentuan. 

Horietako bat Soledad Palomino mexikarra da. 6 urterekin jaso zuen jainkoaren deia, eta duela 25 urte etorri zen Euskal Herrira. Hasiera zaila izan arren, klausurako bizitzara egokitu, eta euskaraz ikasi du. Bere ustetan, bokazio falta da Elizak egun duen krisirik handiena. 

Kandida Saratxaga da Lazkaoko Santa Ana monasterioko abadesa nagusia. Moja izan aurretik, eguneroko arrunta zuen: kirola, lagunak… Jainkoarekiko harremana sakondu zuenean, baina, aurreko bizimoduarekin apurtu, eta  monasterioan sartzea erabaki zuen. Jendeak giltzapean dauden ustearen aurka, klausurako monasterioa askatasun gune itzela dela dio.

Lazkaoko moja gehiago ezagutzeaz gain, Derioko Santa Klara monasteriora joango da Xabier Madariaga. Bertan, mojagai euskaldun bakarretako bat dago: Sandra del Río, 33 urterekin moja izateko hautua egin duen gaztea. 

Klausuran izeneko erreportajea gaur izango da ikusgai 'Ur Handitan' saioan, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.