Ur Handitan
22:00etan
'Portua bizilagun' erreportajea, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Pasaiako badiaren atmosferan murgilduko dira aste honetan Xabier Madariaga eta bere lantaldea, lau arima dituen Gipuzkoako udalerri honetako berezitasunak erakusteko.
Bilboko eta Baionako portuen ostean, Euskal Herriko 3. portua da Pasaiakoa. Badia honek duen berezitasun nagusia (munduan bakarrenetakoa), portua eta herria fisikoki bat direla. Bien arteko muga mentala, ordea, gero eta handiagoa da? Zer da portua bizilagun izatea? Galdera horiei erantzuna emateko asmoz, lau arima dituen Gipuzkoako udalerri honetara joango da 'Ur Handitan' saioa.
Pasaiako badiaren irudi ikusgarrietatik hasita, 150 metroko merkantzia-ontzien maniobra lanak zein gauez gelditzen ez den arrantza mundua zuzenean ikusiko ditu Xabier Madariagak.
Eneko Sistiaga Pasai Donibaneko 39 urteko bizilagunak bizitza erdia darama portuko zamaketari lanetan. Aitarengandik jaso zuen lan arriskutsu bezain erakargarri honen testigua, eta, aitortzen duenez, portuak erabat sorginduta dauka. Portuak herritarrentzat dituen alde txarrez jabetuta, ez du irudikatzen porturik gabeko Pasaia, bere ustetan, herri egiten dituen elementu bakarretako bat baita.
Gaur egun ezagutzen dugun Pasaiak ez du zerikusirik duela 85 urteko paisaiarekin, Serafina Puy Lekuona Pasai Donibaneko saregile ohiaren hitzetan. Gaztetan leihotik ikusten zituen larre berde eta muinoak, etxebizitza kaotikoen ilara barreiatu bilakatu ziren arrantza-industria garatzearekin batera. Bere etxeak ere badu berezitasunik, ur gainean egin baitzuten. Gainera, portuaren eta herriaren arteko mugaren adibide ikusgarrienetakoa da, bere terraza estatuarena baita.
Pasai Donibane alde batera utzi, eta Pasai San Pedrora joango da Xabier Madariaga, bi herrien komunikazio zuzena ahalbidetzen duen garraio bakarraren bidez, itsasoz. Pasai San Pedroko Begi-haundi tabernan geldialdia egin, eta portua bizilagun duten San Pedroko gazteen iritzia jasoko du Xabier Madariagak, Xabier Isasa eta Joseba Otxoa solaskide dituela.
Garbiñe Eizagirreren eskutik, Trintxerpen barneratuko da saioa. Historiari erreparatuz, San Pedroren auzoa izan da betidanik. Trintxerpe nabarmen hazi zen arrantza-industria garatu zen urteetan, eta lau barrutietatik jendetsuena bilakatu zen. 70eko eta 80ko hamarkadetako arrantza-krisialdiaren ondorioz, baina, nabarmen murriztu zen biztanle-kopurua; Garbiñek bertatik bertara bizi izan zuen gainbehera hori, Lasa ontziolan lan egin baitzuen, itxi zuten arte.
Javier Esnaola antxotarra portuko semea dela esan daiteke; aita eta anaia zaharraren lantokia izanik, hura izan zen bere jolastokia. "Orain ez bezala, libre ibil zitekeen langile eta makinen artetik", esaten du. Luzuriaga fabrika ospetsuan hasi zen lanean, baina, itxi zutenean, ikaragarri aldatu zen Pasaia. Inguruan zeuden lantegi guztiak ere itxi ziren, eta gaur egun lo egiteko hiri bilakatu dela iruditzen zaio.
Azkenik, Jon Ander Agirre arkitektoak ikuspegi profesional zein bitxia emango digu paisaia berezi honen inguruan.
Portua bizilagun, Pasaiako badiaren atmosfera erakutsiko digun erreportajea, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.