Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:00etan

Arantxa Urretabizkaia izango da gaurko protagonista "Ur Handitan" saioan

EiTB

'Korrontearen kontra' izenburupean, emakume errebeldeak omentzea da saioaren asmoa, martxoaren 8aren atarian.

0:21
Arantza Urretabizkaia idazlea 'Ur Handitan' saioan

Arantxa Urretabizkaia idazlea izango da "Ur Handitan"en gaurko atalaren protagonista. Korrontearen kontra izeburupean, gaur emango den programak, martxoaren 8aren atarian, emakume errebeldeak omentzeko asmoa du.

Izan ere, izaera errebeldea izan du Arantxa Urretabizkaiak bere ibilbide guztian. Egun, 72 urte ditu, eta bide beretik jarraitzen du. Euskal kulturari eta aktibismoari lotuta dago haren historia.

Donostiako Egian jaio zen, 1947an. Aita gudarien alde borrokatzeagatik kartzelan egon zen, eta ama etxetik kanpo lanean aritu zen bizitza osoan. Arantxa bera 16 urterekin hasi zen lanean, eta hainbat lanbide izan zituen, bere "ofizio definitiboa" aurkitu arte: kazetaritza. Hori baino lehen, irakasle izan nahi izan zuen, baina bi ikastolatatik bota zuten h hizkia erabiltzeagatik eta hizkuntzaren auzian batuaren alde egiteagatik.

1979an, Zergatik panpox argitaratu zuen, emakume batek euskaraz idatzitako lehenengo liburua, eta, emakumea lehen aldiz subjektu moderno moduan hartuz, euskal literaturaren mugarri garrantzitsutzat hartu izan dena. Literatura eta kazetaritza tartekatu ditu bere bizitza profesionalean. Zahartzaroan sartuta egon arren, ez du erretiratzeko asmorik.  

Ekintzaile eta feminista gisa, hainbat borrokatan sartuta egon da. Hondarribiko alardearen auziak hartu ditu bere bizitzaren azken urteak. Hain zuzen ere, gai hori izango da Xabier Madariagak egingo dion elkarrizketaren atal garrantzitsu bat.

Horretaz hitz egiteko, "Ur Handitan"ek Jaizkibel konpainian azken urteetan parte hartzen hasi diren gazte batzuk ere gonbidatu ditu.

Ander Zubillaga hondarribiarrak, duela urte gutxira arte, alarde tradizionalean parte hartu izan du. Alarde parekide baten aldeko jarreraz, publiko egiterainoko bideaz mintzo da, bertan familiak edota lagunek eragin dezaketen presio sozialaz, alegia.

Amaia Hurtadok, nerabea zenetik, tradizionaleko lagunekin Kale Nagusian bizi izan ditu alardea eta gatazka bera. Lehen urteak oso gogorrak izan ziren berarentzat, plastiko beltzen atzean, egoerak behartuta, Jaizkibelen aurkako karetak jartzeraino iritsi baitzen.

Alardeaz ez ezik, feminismoz, euskara batuaren borrokaz, zahartzeaz eta indarkeria politikoaren aurrean izan duen jarreraz ere mintzatuko dira Xabier eta Arantxa.

Kattalin Miner eta Patri Urkizu izango dira Arantxarekin solasean agertuko diren beste bi lagun.

"Ur Handitan" astearteetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.