Ur Handitan
Denboraldi berria
Gertuko iraganera bidaia "Ur Handitan-Ahaztu Aurretik"ekin, gaurtik aurrera
EiTB
Lehenengo saioan Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea ETAko presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zutenekoa gogoratuko du Xabier Madariagak aurkeztutako saio eraberrituak.
Gaur hasiko da Xabier Madariagak aurkeztutako "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" erreportaje saioa. Berrikuntzaz beteta dator saioaren denboraldi berria; izenaz gain, edukietan eta formatuan ere aldaketak izango dira.
Saioaren denboraldi berriko lehen atalean Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea ETAko presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zutenekoa gogoratuko dute, 1985eko San Fermin egunean, Imanol Larzabalen kontzertu batean, bafleetan ezkutatuta. Historia horretako protagonista eta lagunekin batera, ihesaldiaren zehaztasunak errepasatuko ditu Xabier Madariagak.
Iñaki Pikabeak berak azalduko du nola izan zen ihesaldia eta Imanol Larzabalen soinu-teknikariak egun hartan zer ikusi zuen eta nola bizi zuen azalduko digu.
Jesus Mari Arangurenek, iheslariak ezkutatu zituen gizonak, bere etxea ere erakutsi eta egun horiek gogoratuko dizkigu. Bertan pasatu zituzten hiru hilabete Sarrionandiak, Pikabeak eta Mikel Antzak; Aranguren, bere emaztea eta alaba txikiarekin bizitzen.
Mikel Albisu, 'Mikel Antza', izan zen ihesaldiaren antolatzailea eta bertan izan zuen paperaz hitz egingo digu bere lagun Eneko Olasagastik. Joseba Sarrionandiaren lagun batzuk ere izango dira Madariagarekin: Bernardo Atxaga, Arrate Mardaras, Uxune Iriondo, Marisa Barrena eta Dana Moya, besteak beste. Horrez gain, Sarrionandiaren 31 urte geroagoko berragerpen publikoaz hitz egingo digu Jose Goitia kazetariak.
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioaren denboraldi berria gaur estreinatuko da, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Asteartero gertaera bat jorratuko du "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak. Gertaerak izan ziren lekura bertara gerturatuko da Xabier Madariaga. Hala, gertatutakoa bizi izan zuten protagonisten testigantzak eta haien errekreazio fidelak jasoko ditu formatu berriak.