Ur Handitan
22:30ean
Euskaldunaren itxiera, gaur gauean, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioan
EITB
Garaiko langileen borroka eta mobilizazioak errepasatuko ditu Xabier Madariagak istorio horretako protagonisten eskutik, gertakariak izandako tokietara bidaiatuz.
Gaur gauean, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioaren atal berria Euskalduna ontziolaren itxieraz arituko da.
Bizkaiko industriaren zutabea izan zen Euskalduna ontziola 80ko hamarkadara arte. Bilbo erdi-erdian kokatua, ontziola ixtera kondenatu zuen 1983an Felipe Gonzalezen gobernuak abian jarritako sektorearen berregituraketak. 2.741 langile ziren eta lan gatazka luze eta gogorra hasi zuten euren lanpostuen defentsan. Langileen mobilizazioek luze iraun zuten. 1984ko liskarrak gogoratuko dituzte Felipe Fernandez, Maite Gorrotxategi, Mikel Aldasoro eta Txema Sanchez ontziolako langile ohiek.
Bizkaiko industriaren zutabe zen ontziolak 60ko hamarkadan urrezko aroa bizi izan zuen. Euskalduna zer zen eta bere garai oparoenak errepasatuko dituzte Dani Rodriguez eta Sabino Arana langile ohiek eta Yoli Rodriguez langile biren alabak.
Familia askoren etorkizuna kolokan, emakume askok ontziolaren itxieraren aurkako borrokan aktiboki parte hartu zuten, eta horrek izan zuen garrantziaz ariko da Eli Zugaza. Halaber, Euskaldunako Emakumeen Asanbladaren bidez manifestazioak antolatzen zituzten eta 84ko abenduan itxialdi bat ere egin zuten ontziolako bulegoetan. Horren inguruko xehetasunak kontatuko dituzte Araitz Rodriguezek eta Bego Gutierrezek.
Euskaldunaren itxierarekin batera Bilboren eraldaketa etorri zen eta ontziola zegoen tokian Euskalduna Jauregia inauguratu zuten 1999ko otsailean. Eta aldaketa horren lekuko izandako Carlos Iturriaga izango da saioan
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" Euskaldunaren itxieraz, gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.